telebista
22:15ean
'Spy Game' filma, gaur gauean, ETB2n
Robert Redford eta Brad Pitt aktoreak dira Tony Scottek zuzendutako film honen protagonistak. Euskal Telebistaren bigarren katean izango da ikugai, 22:15ean.
-
Robert Redford eta Brad Pitt. Argazkia: EiTB
ETB2k Spy Game filma eskainiko du gaur, 22:15ean. Top Gun, Deja Vu eta Man on Fire filmak zuzendu dituen Tony Scott famatua da Spy Game pelikularen zuzendaria.
Brad Pitt eta Robert Redford dira film honetako aktore nagusiak. Nathan Muir (Robert Redford) CIAko agente beteranoa da, eta Tom Bishop (Brad Pitt), haren ikaslea. Hainbat urte egon dira batera lanean, baina Tom Bishop Elizabeth (Catherine McCormack) izeneko neska batez maiteminduko da, eta Muirrekin duen harremana hoztu egingo da.
Muir erretiratzekoa da, baina Tom Bishop, espioitza leporatuta, Txinan atxilotu dutela eta 24 orduko epean hil egingo dutela esango diote.
Txinaren eta AEBren arteko harremana ez da oso ona, Gerra Hotzetik denbora gutxi pasatu delako, baina harreman ekonomiko berri bat sortu nahi dute. Harreman ekonomiko berri hori arriskuan ez jartzeko, onena Tom Bishop hiltzen uztea dela erabakiko du CIAk.
Bishop salbatzea arriskutsuegia dela pentsatuko dute CIAkoek, baina Muir ez da ezer egin gabe geratuko eta Bishop bere kabuz salbatzen saiatuko da. Hori lortzeko, CIA engainatu beharko du, ez baitu nazioarteko arazo bat sortu nahi.
'Spy Game' filma gaur eskainiko du ETB2k, 22:15ean.