Itxi

telebista

Estreinaldia

Iñaki Lopezek 'Iñaki & Cía' estreinatuko du, gaur, ETB2n

A.H.

EITB

Pertsonaia ezagunen bizitzan murgilduko da saioa, eta Jon Kortajarena, Loquillo, Cristina Almeida, Paco Etxeberria, Juanito Oyarzabal eta Ivan Fandiñorekin izango da Iñaki Lopez.

1:08

Iñaki Lopez aurkezlea Euskal Telebistan izango da berriro 'Iñaki & Cía' saio berria ETB2ko ordutegi nagusian aurkezteko. Saioa gaur gauean estreinatuko da, eta astero pertsonaia ezagun baten eguneroko bizitzan murgilduko da. Besteak beste, Jon Kortajarena top model bilbotarra, Paco Etxeberria auzitegiko medikua, Loquillo musikari ezaguna, Cristina Almeida abokatua, Juanito Oyarzabal alpinista eta Ivan Fandiño toreatzailea izango dira saioan.

Iñaki Lopezi euren bizitzaren atea irekiko diote eta bi egun pasatuko dute berarekin. Euren alor profesional eta irudi publikotik harago, bakoitzaren izaera eta alderik pertsonalena ezagutzera emango dute. Astero, pertsonaia horietako bat izango da protagonista.

Protagonistak

Munduko hainbat moda ibiltokitara igotakoa da Jon Kortajarena, eta zaila da hiri batean bi egun baino gehiago pasatzea. Horregatik, Iñaki Lopezek bere atzetik joatea erabakiko du. New Yorketik etorriko da, Kanadako aldizkari batentzat argazkiak aterako ditu Madrilen, eta, ondoren, Bilbora joango da, bere familia bisitatzera. Iñaki, nola ez, berarekin izango da une oro.

Bestalde, Iñaki Lopezek Cristina Almeidaren etxera egingo duen bisita, bi lagunen arteko hitzordua izango da. Cristinak bere lana maite du, baita bizitza eta konpromisoa ere. 70 urterekin, energia handia dauka eta geldiezina da.

Loquillo musikaria, bestalde, Bartzelonatik mugitu eta Donostiara joan zen bizitzera. Bere ibilbide musikala errepasatuko du Iñaki Lopezekin batera, eta, horrez gain, Lasartera etortzeko eta bertan bizitzen geratzeko izan zituen arrazoiak azalduko ditu musikariak.

Paco Etxeberria auzitegiko medikuarekin, berriz, ikerketa munduan egindako hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du Iñaki Lopezek. Krimenak eta biktimak gogoratuko dituzte, baina Etxeberria doktorearen alderik pertsonalenean ere murgilduko da.

Bestalde, Juanito Oyarzabal eta Araceli emaztearen etxean pare bat egun pasatuko ditu aurkezleak. Juanitok Gasteizen gustukoen dituen kale eta tokirik ederrenak erakutsiko dizkio, oinez eta bizikletaz. Rokodromora joango dira, eta lagunekin jokatzen duen ohiko mus partidan ere izango da Iñaki Lopez.

Azken urteotako toreatzaile ezagunenen artean dago Urduñako Ivan Fandiño, eta 'Iñaki & Cía' saioko taldekideei bere etxeko ateak irekiko dizkie.

Iñaki Lopez

K2000 ekoiztetxeak ETBrentzat egindako saioa da 'Iñaki & Cía'. Iñaki Lopezekin aurretik ere hainbatetan lan egin du K2000rentzat. Aurkezleak bateragarri egin ditu proiektu berri hau eta La Sexta telebista kateko 'La Sexta Noche' saioan egiten duen lana.

Iñaki Lopezek 1999an hasi zuen bere ibilbidea Euskal Telebistan, Antxon Urrosoloren '100% Vascos' saioan kolaborazioak egiten. Urte hartan, Emma Garciarekin batera, 'El Submarino Amarillo' saioa aurkeztu zuen.

ETBko beste hainbat programatan ere parte hartu zuen; besteak beste, 'Lo que Faltaba', 'Buen Rollito' eta Carlos Soberak aurkeztutako 'La Gran Evasión' saioan. Soberak saioa utzi zuenean, programa moldatu zuten, eta 'Algo Pasa con López' izena hartu zuen.

2004an, Adela Gonzalezekin batera, telebistan egindako ibilbidean inoiz egin duen saiorik luzeena aurkezten hasi zen Iñaki: 'Pásalo', arratsaldeko magazina. 2004. urtean hasi eta 2010eko otsailera arte egon zen emisioan.

ETBn gainera, 'La Caja Negra', 'Embajadores', 'El Conquis, La Aventura' eta '60 Minutos' saioak aurkeztu zituen, Estatu mailako telebistara salto egin aurretik. Gaur egun, telebistako aurpegi ezagunenen artean dago Iñaki Lopez.