Itxi

telebista

Estreinaldia, uztailak 11

'Por Fin, Viernes', asteburua hasteko planik onena

A.H.

EITB

ETB2ren udako proposamen berria, Jon Bilbao aurkezlearen eskutik.

  • Jon Bilbao

Euskal Telebistak proposamen berria dakar uda honetan: 'Por Fin, Viernes'. Entretenimendua eta informazioa uztartuko dituen saioa izango da eta Jon Bilbao kazetariak gidatuko du. Kolaboratzaile sare berriaren laguntzaz, egun-eguneko gaiak erritmo bizian landuko dituzte. Horrez gain, politika, kultura eta ikuskizun munduko protagonistak bilduko dituzte bertara. Ostiralero Miramongo estudioetatik zuzenean emitituko den saioa datorren uztailak 11n estreinatuko da ETB2n.

Entretenimenduak eta informazioak bat egingo dute 'Por Fin, Viernes' saioan. Eduki guztiak zorroztasunez landuko dira, baina modu arin eta lasaian, hizketaldi astunak alde batera utzita.

Publikoak parte-hartze aktiboa izango du saioan sare sozialen bitartez, eta coach bat etorriko da erronka pertsonalei aurre egiteko gakoak ematera. Halaber, hainbat protagonista anonimo izango dituzte, ibilbide berezia eta interesgarria izan duten gonbidatuak, hain zuzen.

Jon Bilbao, aurkezle berria

Irrati mundutik telebistara egingo du jauzi estreinakoz Jon Bilbaok (Santurtzi, 1981). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta irratian lan egin du azkeneko hamar urteetan. Radio Euskadiko saio ezagunenak gidatu ditu: 'Más que Palabras', 'Grafitti' eta 'Boulevard'.

Ilusio handiz ekingo dio Bilbaok erronka berriari. Telebistan lehen aldiz arituko den arren, ondo menderatzen dituen edukiak jorratuko ditu. Gainera, orain arte irratian osatu duen ibilbidean trebetasun handia erakutsi du bai solasaldiak gidatzeko, baita gizarteko pertsonaia nabarmenei elkarrizketak egiteko.