telebista
21:45ean
'Entzierroa' film dokumentalaren estreinaldia, gaur, ETB1en
I.Z
EITB
Oliver van der Zee zinegile holandarraren dokumental honek urtero mundu zabaletik sanferminetara etortzen diren korrikalarien munduan murgilduko gaitu.
Gaur Entzierroa dokumentala estreinatuko da ETB1en, 21:45etik aurrera. Oliver van der Zee holandarrak zuzendutako dokumental honek Los Angeleseko New Media film festibalean 3D lanen saria irabazi du, eta Malagako festibalean ere saritua izan da.
Urtero, uztailaren 7tik 14ra bitartean, goizeko zortzietatik aurrera, milaka pertsonak munduan dagoen ekintzarik arriskutsuenetako batean parte hartzen dute, Iruñeko sanferminetako entzierroetan. Ideia horren inguruan, dokumental bat egin du Oliver van der Zee holandar zinemagileak.
Akziozko pelikula bat da, emozio eta tentsio jarraikorra duena, biolentziaz, edertasunaz, dramaz eta heroismoz beteta dagoena. Ikuslea Iruñeko kalerik ezagunenetatik eramango du filmak, 600 kilogramoko zezenen adarren aurretik.
Urtero gertakari honetara mundu zabaletik etortzen diren korrikalarien pasarte eta anekdotak kontatzen dira. Beraiek badakite zezen plazara heltzeagatik ez dagoela inolako saririk, urtero zauritu ugari daudela, eta azken mendean 16 hildako egon direla; baina, bizirik daudela sentitzeko egiten dute korrika, adrenalinarengatik.
Miguel Angel Eguiluz, Paco Sanchez, Miguel Reta, Joe Distler, Noel Chandler eta Julen Madina adrenalina maite duten 6 gizon dira, eta entzierroetan askotan egon dira. Dokumental honetan, beraien bizitzetan sartzen utziko dute ikuslea, lehen pertsonan arriskuaren bizipen horiek zer diren jakiteko. Bestetik, TVEn 22 urtez entzierroen ahotsa izan den Javier Solano ezagutuko dugu, eta Jose Antonio Jimeno, sanferminetako entzierro batean izan den azken hildakoaren aitaren testigantza ere entzungo dugu. Daniel Jimeno 2009an hil zen.
Ez galdu entzierroak beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera hau! Gaur, Entzierroa dokumentala. 21:45etik aurrera, ETB1en.