telebista
22:15ean
'Sanferminak 2014', Ilaski Serranok eta Urko Aristik aurkeztuta
A.E.
EiTB
Iruñeko jaien inguruko elkarrizketak, erreportajeak eta suak, zuzenean, Baluartetik, gaurtik uztailaren 14ra arte.
Gaurko txupinazoaren ondoren, gaueko 22:15etik aurrera, 'Sanferminak 2014' saioa hasiko da zuzen-zuzenean ETB1en, Iruñeako Baluartetik. Ilaski Serrano eta Urko Aristi kazetariek aurkeztuko dute programa uztailaren 14ra arte.
Gaueroko zuzeneko saio honetan, egunean zehar pasatakoari errepasoa emango diote. Horretarako, nafarrak eta iruindarrak diren protagonista bereziak izango dituzte gonbidatu saioan, eta horrekin batera, jaiaren ikuspuntu ezberdinak bilduko dituzten hainbat solaskide ere hurbilduko dira Baluartera, aurkezleekin batera solasean eta batzuetan eztabaidan ere aritzeko.
Gaueko kaleko giroa ere zuzenean jasoko du saioak, zuzeneko konexioak egingo baitituzte su artifizialak hasi aurretik, jendea Ciudadelako parkera, Iruñeako harresi zaharretara, nola hurbiltzen den ikusiaz.
Eguneko erreportajeak ere izango dira saioan. Horretarako, Unai Etxabe eta Ainhoa Irazusta kazetariak ibiliko dira egunero, kalez-kale, munduko jairik famatuenetan zer gertatzen den jasotzeko. Bertatik bertara ibiliko dira entzierrotan, peña ezberdinekin, haurrekin, kontzertuetan…
Igandeko saioan, uztailaren 6an, gonbidatu nagusia Mikel Goñi pilotaría izango da. Pilota munduan, sanferminetan, telebistan... Zenbat gauzetan muturra sartuta dabilen kontatuko digu oronoztarrak. Mikelekin batera, Aritz Ibañez eta Edurne Elizondo egongo dira. Aritz Duguna dantza taldeko kidea da. Iruñeko Foruen plazan egingo dituzten dantzen inguruan arituko da. Edurne Elizondo Berria-ko kazetaria da. Ez zaizkio sanfermiak gustatzen, gorroto ditu eta ikuspuntu hori emango du.
Ainhoa Irazustak egun horretako euskal dantzen jaialdiaren inguruko erreportajea egingo du, eta Unai Etxabek buruhandi eta erraldoien irteera eta Riau-Riau-a grabatuko ditu.
Su artifizialak Pirotecnia Zaragozanak botako ditu.
Hori guztia zuzen-zuzenean 22:15etik aurrera eskainiko da.