Itxi

telebista

Gaur

Real Sociedad-Aberdeen eta Euskadiko Traineru Txapelketa, ETB1en

A.A.

EiTB

Futbolaz eta estropadez gain, Azpeitiko pilota jaialdia eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek.

0:09

San Inazio egunez, kirol eskaintza bete betea dakar Euskal Telebistak. Estropada, futbol eta pilota emanaldiak egingo dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean.

Lekeition jokatuko den Euskadiko Traineru Txapelketa izango da ikusgai 18:00etatik aurrera. Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara arduratuko dira kontakizunaz.

20:30ean, Realak Aberdeen taldearen aurka Anoetan jokatuko duen Europa Leagueko atariko partidari eskainiko diote arreta. Iñaki Mikeo, Juanan Larrañaga eta Loiola Altuna izango ditugu berriemaile Donostiatik bertatik.

Futbola amaitutakoan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuarekin bat egingo dute. Altuna III-Peñagarikano / Artola-Apraiz neurketak zabalduko du jaialdia. Esanahi bereziko partida izango da Kepa Peñagarikano azpeitiarrarentzat, pilota profesionalari agur esango baitio. Ondoren, Titin III.ak eta Rezustak, Bengoetxea VI.aren eta Beroizen aurka neurtuko dituzte indarrak. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.

Zuzeneko hiru emanaldiez gain, Getxoko Txirrindularitza Sariaren laburpena egingo du Alfontso Arroiok 19:30ean ETB1en, eta zesta puntako Donostia Sariko finalaren berri emango dute 12:00etan ETBKn, Iñigo Aiestaranek eta Jabier Arkarazok.