telebista
22:15ean
Ramon Roteta, Ander Gonzalez eta Cristina Almeida, 'PFV' saioan
A.H.
EITB
Gaur gauean, solasaldi mahaiaren inguruan, bi gai jorratuko dituzte: zaintza partekatua eta drogen kontsumoa festetan.
Aste honetan, Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak izango dira gonbidatu 'Por Fin Viernes' saioan. ETB2k astelehenero emititzen duen 'No es País para Sosos' saio arrakastatsua gidatzen dute sukaldariek, astero, Euskal Herriko paraje ezberdin batean barrena bidaia gastronomikoa eginez. Jon Bilbao aurkezlea bi sukaldari hauen alderik gaziena ezagutzen saiatuko da.
Horrez gain, Cristina Almeida abokatua ere saioan izango da, eta Jon Bilbaoren galderei erantzunez, egun eguneko gaien errepasoa egingo du. Horrez gain, 'PFV' solasaldi mahaiaren inguruan aztertuko den gai baten inguruan ere bere iritzi profesionala eskainiko du gonbidatuak: zaintza partekatuaz arituko dira, hain zuzen ere.
Euskadin, %11,7 dira zaintza partekatuak, eta portzentaje hori geroz eta gehiago hazi da azkeneko urteetan. Haurrak zaintzeko lan ordutegi murriztua eskatzen duten langileen artean, %7 bakarrik dira gizonak, eta zaintza horretarako eszedentzia eskatzen dutenen artean %5. Inposizio judizial modura zaintza partekatua eskatzen dutenen artean, gurasoen egoera ekonomikoa hobetzeko irtenbidea ezkutatzen al da kasu batzuetan? Nori egiten dio mesede zaintza partekatuak? Haurrei? Gurasoei? Denei?
Saioak, gainera, Ai-Laket ekimena ezagutuko du. Ai-Laket elkarteak festetan kontsumitzen ari diren drogen egiazkotasuna aztertu eta drogen kontsumorako aholkuak ematen ditu bertatik bertara, horretarako erabiltzen duen furgoneta batean. Elkarteko kideak drogen erabiltzaileak edo erabiltzaile-ohiak dira. Elkartearen proiektu arrakastatsuena testing programa da. Programa honek erabiltzaileek momentuan kontsumitzen ari diren drogen azterketa ahalbidetzen du. Horretarako, festa gunean ezartzen dira euren laborategi-furgonetan, eta erabiltzaileak erakarri edo euren bila abiatzen dira.
'Por Fin Viernes', gaur gauean emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n.