telebista
Gaur, 22:15ean
'No es País para Sosos' Bizkaiko kostaldean, Eneko Van Horenbekerekin
A.H.
EITB
Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek erronka berri bat gainditu beharko dute itsasora begira.
Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak itsasora itzuliko dira gaur gaueko 'No es País para Sosos' saioan. Ondarroatik Bakiora, Bizkaiko kostaldeko gastronomiak gordetzen dituen sekretuak ezagutuko dituzte.
Asteleheneko gonbidatua Eneko Van Horenbeke 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren azkeneko irabazlea izango da. Berak erabakiko du bi sukaldarien artean zeinek lortu duen tokiko gastronomiaren esentzia bere platerean islatzea.
Itsasoko gastronomia
Hasteko, Ander, Ramon eta Eneko Eako Arrantzale tabernan bilduko dira, eta, pintxo artean, gastronomia erronka berriari ekingo diote.
Anderren bakarkako bidaia Bermeon hasiko da. Bertan, arrantzaleen eguneroko bizitza eta euren produktuak eta jaki preziatuenak ezagutuko ditu. Gernikan bertako produkturik ospetsuenak dastatuko ditu: piperrak eta indabak. Horrenbeste janariren artean, Anderrek kirola egiteko denbora ere izango du, eta Gernikako Jai-Alai pilotalekuan zesta-puntan arituko da.
Ramonek Ondarroa izango du abiapuntu, eta Bakion ere izango da, bertako txakolina dastatzen. Horrez gain, Urdaibain zehar ibiliko da itsasontzi txiki batean, eta plazer handiz jango ditu Juan Antonio Zaldua futbolari ohiak prestatutako kokotxak.
Sukaldariak eta Eneko Lekeition elkartuko dira berriro, eta Egaña jatetxeko jabeak hegaluzea tomatearekin prestatuko die. Bi sukaldarien arteko lehia, ordea, Elantxoben jokatuko da. Eneko oso epaile zorrotza izango da, ez baitzaizkio berdinketak batere gustatzen. Nork irabaziko du oraingoan, Ramonek ala Anderrek?
'No es País para Sosos' saioa gaur gauean izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n.