telebista
Gaur, 16:15ean
Donostiako Piraten Abordatzea, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
Xabier Sukiak gidatuko du zuzeneko emanaldia, eta Maite Eskarmendik eta Joseba Olagaraik Donostiako portuan izango den giroa jasoko dute bertatik bertara.
Donostiako Aste Nagusiko hirugarren festa-egunean, piratak izango dira protagonista. Haien esku izango da hiriaren Abordatzea, eta arratsaldean, 17:00etan, Donostiako kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuko dira. Euskal Telebistak ez du Donostiako Piratek antolatutako ekitaldia galdu nahi, eta 16:15etik aurrera egingo dute bat hiriko kaiarekin, aurtengo Abordatzeak emango duen guztiaren berri eskaintzeko. Emanaldia eitb.eus-en ere ikusi ahal izango da zuzenean.
Xabier Sukia Euskadi Irratiko kazetariak gidatuko du ekitaldiaren zuzeneko emanaldia ETB1en, eta Maite Eskarmendi eta Joseba Olagarai erreportariak Donostiako portuan, batetik bestera ibiliko dira, protagonistak elkarrizketatzen eta ekitaldiko giroa jasotzen.
Goizean goiz hasita, Piraten Abordatzearen inguruan gertatutakoaren kronika ere egingo dute hainbat erreportajeren bitartez, besteak beste, baltsak muntatzeko prozesua eta Zuloaga Plazako bazkaria erakusteko.
Piraten egun seinalatua da Abordatzea, eta, urtetik urtera, gero eta lagun gehiagok hartzen dute parte, hiriko jaien egitarauan ekitaldi nabarmenetako bat bilakatzeraino.