telebista
Igandean
'Donostiako Su Artifizialak 2014', Kontxako pasealekutik zuzenean
A.H.
EITB
22:00etatik aurrera, hiru gonbidatu berezi izango dituzte: Jon Errasti Eibar futbol taldeko jokalaria, Joseba Argiñano gozogilea eta Iker Galartza aktorea. ETB1en.
Igande honetan, Kontxako pasealekuan zuzenean hiru gonbidatu izango dituzte Agustin Ezenarrok eta Izaro Iraetak 'Donostiako Su Artifizialak 2014' saioan: Jon Errasti, Eibar futbol taldeko jokalaria; Joseba Argiñano, sukaldari famatuaren semea, eta Iker Galartza aktorea.
Jon Errastik, Eibar lehenengo mailara igo dela eta, horren ospakizunak nolakoak izan ziren azalduko du, eta abuztuaren 24ko Realaren aurkako derbia nola ikusten duen aurreratuko du.
Joseba Argiñanok bere bonboi eder batzuk eramango ditu Donostiako Aste Nagusia protagonista duen saiora, gozogile modura dabilelako lanean.
Iker Galartza aktore famatuak, batetik, telebistarako ze proiektu dituen azalduko du ,eta, bestetik, bere pailazo konpainiarekin uda honetan nola dabilen ere kontatuko du, Poxpolo ta konpainiarekin, hain zuzen.
Unai Etxabek La Flamenka Donostiako kideek Urgul mendira egin behar duten erromeriaren berri emango du igandeko saioan, eta Nerea Aliasek, berriz, Donostiako lehenengo goiti-beheraren abenturak erakutsiko ditu.
'Su Artifizialak 2014' saioa gaueko 22:00etan hasiko da, eta su artifizialen ikuskizuna 22:45ean eskainiko da zuzenean. Igandean, italiarren gaua izango da, Martarello pirotekniaren eskutik.