telebista
Aste berezia
89-90. urteetako lehortea ekarriko du gogora 'Eguraldia'k aste honetan
A.A.
EiTB
Bizkaian eta Araban nabaritu zuten gehien, milioi eta erdi pertsonari baino gehiagori eragin baitzien.
-
Iturria: www.elpaís.es
Duela 25 urte lehorte handia izan zen Euskal Herrian, historiako handienetako bat. 1989tik 1990era bitartean iraun zuen, eta milioi eta erdi pertsonari baino gehiagori eragin zien, batez ere Bizkaian eta Araban.
Gertaera hura gogoratzeko asmoz, erreportaje sorta berezia prestatu du ETBko 'Eguraldia' saioko lantaldeak. Orduko irudiak erakustearekin batera, lehortearen ondorioak aztertuko dituzte. Ana Urrutia kalera joango da, garai hura gogoratzen ote duten eta nola bizi izan zuten galdetzera. Halaber, sare sozialen bitartez parte hartzeko eskatuko diete ikus-entzuleei.
Urtebete iraun zuen lehorteak, 1989ko eta 1990eko udaberrien artean. Larrialdietako ur-bilketak egin behar izan ziren, botilako uraren kontsumoa hamarkoiztu egin zen, Arabako herri askotan erreguteak egin zituzten euria eskatzeko, ur-biltegiak eta ur-tangak ezarri zituzten han-hemenka… Bitxikeria modura, Gasteizko Udalak euri artifiziala sortzeko modua ikertzen ari zen Madrilgo enpresa batengana jo zuen.
Amets gaizto hura 1990eko udaberrian amaitu zen, orduan hasi baitzen euria egiten. Urtebete geroago, gainera, Uribarriko urtegiko ateak zabaldu beharrean izan ziren, urez gainezka zegoelako.
Lehorteak iraun zuen bitartean, Euskal Herriko paisaiak bestelakoa zirudien. Berdea ez zen atzeman ere egiten, eta kezka handia sortu zen urtegietako uraren maila baxua zela eta. Bilbo hiriko etxebizitza askotan, eraikinak ur-andelak zituela jakin zuten, eta han gordetako urari esker ase zituzten euren beharrak.
Ur falta zela eta, herritarrak uraren garrantziaz jabetu ziren, eta neurriz erabiltzen ikasi zuten. Herritarrak ohartarazteko garai hartan abian jarri ziren ekimen bereziei buruz mintzatuko dira 'Eguraldia' saioan.
Iraganera begiratu ostean, egungo egoerari erreparatuko diote 'Eguraldia' saioko lagunek. Urtegietako egoera zein den eta aurten zenbat euri egin duen aztertuko dute. Adituekin ere egongo dira, berriro halakorik gertatu ote daitekeen jakite aldera.
Duela 25 urteko lehortea aste osoan zehar izango dute hizpide 'Eguraldia' saioan, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien ostean, ETB1en eta ETB2n, Urko Aristirekin eta Ana Urrutiarekin.