telebista
22:15ean
Aiaraldeko gastronomia gaurko 'No es país para sosos' saioan
M.A.
EITB
Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldariek Iturralde Gonzalez arbitro ohia hartuko dute gonbidatu.
Gaur gauean, Euskal Telebistako 'No es país para sosos' saioak Aiara aldera joko du, bertako gastronomia eta produktu paregabeak ezagutzeko asmoarekin. Honako honetan, Ander González eta Ramon Roteta aurkezleek Eduardo Iturralde González arbitro ohia izango dute bidelagun.
Bilbotarrak ondo baino hobeto ezagutzen ditu inguru horiek, Laudion bizi baita. Izaera polemiko samarra du epaileak, eta berak erakutsi du txartel hori gehien Lehen Mailan. Sukaldariek gorriak ikusiko dituzte epaile zorrotz horren aurrean. Berak erabakiko du bietatik nork jaso duen hoberen eskualde txiki eta ezezagun horretako gastronomiaren funtsa eta esentzia.
Aiaraldea: ezkutuan gordetako sukaldaritzaren lilurak
Oraingo honetan, Artziniegan helduko diote abentura gastronomikoari. Bertan lotuko dira Iturralde González futbol epaile ohiarekin. Udalerri horretan dastatuko duten lehenbiziko produktua inguruetako odolostea izango da. Ondoren, sukaldariei erronka bana jarriko die gonbidatuak.
Anderrek Bizkaiko muga aldera egingo du, Urduñara, bere bakarkako ibilbidea Tologorri ustiategian hasteko asmoarekin. Ramonek, aldiz, Beldui upategia bisitatuko du, Aiaraldeko txakolina ezagutzeko. Gainera, Inma Shara orkestra zuzendariarekin batera, Guzurtegi jatetxean geldialditxoa egingo du. Erreboilo erre paregabea dastatuko dute bertan.
Gero berriro elkartuko dira hiru lagunak, Kexaan. Arcos de Quejana jatetxe ikusgarriko sukaldariak basurde sukalki ederra prestatuko die.
Erronka hasi baino lehen, Ander eta Ramon sukaldariak beste behin banatuko dira. Kexaako ingurune eta monumentu ederrak txundituta, herriko apaizarekin egongo da Ander. Honetaz eta hartaz arituko dira biak gustura. Bestalde, Ramon Amurriora helduko da. Atxa destilategian izango da, bertako produktuak dastatzen, eta, ondoren, inguruko koktelik gozoena omen dena probatuko du, Gin-Fish izenekoa.
Bukatzeko, Iturralde González epailearen aurrean arituko dira Ander eta Ramon. Zeinek lortuko du hoberen islatzea ezkutuko haran honen esentzia?
'No es país para sosos' gaur emitituko du ETB2k, 22:15etik aurrera.