Itxi

telebista

22:15ean

'Asier eta biok' filmaren estreinaldia, gaur, ETB1en

A.H.

EITB

Aitor Merino zinema-zuzendariaren eta Asier Aranguren ETAko kide izandakoaren arteko adiskidetasuna du oinarri.

0:33

Donostiako Zinemaldiaren atarian, Asier eta biok filma estreinatuko du ETB1ek, gaur gauean, 22:15ean. Aitor Merino zuzendariaren eta Asier Aranguren ETAko kide izandakoaren arteko adiskidetasunean oinarrituz, bakoitzak hartutako erabakiez ari da dokumentala. Iazko Zinemaldian arrakasta handiz aurkeztu zen filma.

Aitor Merino eta Asier Aranguren ikaskide izan ziren Iruñean 80ko hamarkadan, baina eskola amaitu ondoren bakoitzak bere bidetik jo zuen. Aitor Merinok Madrilera jo zuen aktore izateko asmoz; Asier, berriz, Iruñean geratu zen, eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen.

Elkarrengandik urrun bizi arren, bien arteko adiskidetasuna ez zen galdu. Urteak aurrera pasatu ahala, Merinoren ametsa gauzatu eta aktore egin zen. 2002ko martxoan, aldiz, Asier ezkutatu egin zen, polizia zeukan atzetik ETAko kide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean.

Urte haietan, Merinok askotan hitz egiten zien bere Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta euren arteko adiskidetasunaz. Baina askotan bere lagunaren egoera eta ekintzen inguruan egiten zizkioten galderei erantzuteko zailtasunak zituen. Nola azaldu Madrilgo lagunei ETAko kide batekin zuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera?

Asier askatu zuten egunean, 2010eko uztailean, kamera hartu eta galdera horiei erantzuten saiatzeko pelikula bat egitea pentsatu zuen Merinok. Zuzendaria horretan eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzen saiatu zen. Nolanahi ere, bere egitasmoa ez zen uste bezain erraza izan.