Itxi

telebista

22:15ean

Ama izan berri den emakumea eta bi lagun oso ezberdin, 'Itxuroso'n

A.H.

EITB

Horrez gain, asteburuko look berria bilatuko diote trajez jantzita doan komertzial bati Maite Eskarmendik eta Unai Goikoleak.

  • Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea. Argazkia: EiTB

    Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea, 'Itxuroso' saioko aurkezleak. Argazkia: EiTB

Astero bezala, herritarrei looka aldatuko die Euskal Telebistako 'Itxuroso' saioak. Oraingoan, haurdunaldiak kilo pare bat utzi dizkion ama bat, astebururako casual lookaren bila dabilen komertzial bat eta izaera eta estilo guztiz ezberdina duten bi neska gazte hartuko dituzte platoan. 'Itxuroso' saioko moda-adituen eskutan jarriko dira asteazkeneko lau protagonistak, eta Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea aurkezleek arropa proposamen ezberdinak egingo dituzte, beti ere tendentziei jarraituz.

Laura Montero bizkaitarrak 30 urte ditu eta orain dela lau hilabete ama izan da. Amatasuna aitzakiatzat hartuta, Laura apenas apaintzen da azkenaldi honetan. Bakeroak jantzi, ilea mototsean bildu eta makilatu gabe ateratzen da kalera. Gainera, haurdunaldiak kilo gutxi batzuk utzi dizkio, denak sabel inguruan. Ezkontza egunetik ez da dotore jantzi, eta aspaldi ez da joan ile-apaindegira. Umeak apenas uzten dio denbora itxuraz arduratzeko. Hori gutxi balitz, bere senarrak  'kolorebakar' deitzen dio beti kolore bakar batez janzten delako. Errutina hausteko eta bere itxurari etekin nola ateratzen ikasteko helburuarekin, izena eman du 'Itxuroso' programan. Maitek eta Unaik lagunduta, inoiz ez bezala ikusiko du bere burua. Bere bizitzan ahaztuko ez duen esperientzia biziko du Laurak. Bere senarraren erreakzioa ere ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek.

Karolina Garcia eta Abigail Caminos gazteek 22 eta 25 urte dituzte eta unibertsitatean ezagutu dute elkar. Ikasi, arropa erosi, bata bestearen etxean lo egin,… dena elkarrekin egiten dute eta 'Itxuroso'ra ere batera joatea erabaki dute. Abigail Karolinak bultzatuta dator 'Itxuroso'ra, eta itxuraldaketaren beldur da. Abigail izaeraz lotsatia da, eta oso diskretu janzten da; bakeroak eta alkandorak dira gustukoen dituen jantziak. Karolina, berriz, oso berritsu eta irekia da, eta arropari dagokionez, nahiago ditu txandala eta galtza lasaiak. Fisionomia ere erabat ezberdina dute bi gipuzkoarrek. Aurkezleek aholku ugari emango dizkiete. Bestalde, biek ilea luze-luzea daramate eta mozteko garaian zalantzaz beteta daude. Mozten ausartuko al dira?

Aste honetako erronkak Iñaki Koloma du izena. Iñakik 47 urte ditu eta sasoian dago. Kirola egiten du, eta oso gorputz polita du, baina ilea zuritzen hasi zaio eta look gaztea zein freskoa nahi du astebururako. Komertzial lanak egiten dituenez, trajez janzten da astelehenetik ostiralera. Estilo klasikoa baztertu eta zerbait modernoagoarekin ausartu nahi luke. Maitek eta Unaiek oso proposamen ezberdina egingo diote.  Zeinena aukeratuko du Iñakik?

'Itxuroso' asteazken honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB1en.