Itxi

telebista

22:15etik aurrera

'Eskoziaren erabakia' dokumentala, gaur gauean, ETB1en

A.A.

EiTB

Eskoziako independentziaren inguruko erreferendumari eskainitako saio berezietako bat dugu hau. Bertan, erreferendumaren gakoak eta bitxikeriak aztertuko ditu Zuhaitz Gurrutxagak.

0:39

Irailaren 18an eskoziarrek euren subiranotasunari buruz zer erabakitzen duten jakingo dugu, historikoa izango den erreferendumaren bidez. ETB1ek gaur gauean eskainiko duen 'Eskoziaren erabakia' erreportajeak galdeketa ahalbidetu duen prozesu luze hau aztertuko du, unerik esanguratsuenak, gakoak eta bitxikeriak hurbilagotik jasotzeko. Horretarako, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak Eskoziako txoko ederrenak erakutsiko dizkigu bertan bizi diren hainbat euskaldunen bidez.

Ane Roteta eta Oier Llinas kazetariek gertutik jarraitu dituzte erreferendumaren ingurukoak, horren bilakaera eta erantzun gabeko galderak. Esaterako, liberarekin, erreginarekin, Europarekin eta abarrekin zer gertatuko da baiezkoak irabazten badu?

Baina politika kontuak alde batera utzita, herrialde zoragarri honen kultura, folklorea eta ingurunea ez dituzte ahaztuko. Kilta jantzita, Zuhaitz Highland Gamesetan murgilduko da, gaztelu eta mamuei bisita egingo die eta Edinburgo edo Glasgow hiriek erakusteko dutena erakutsiko digu.

Eskozian bizitzen 20 urte daramatzan Nerea Bellok eta heldu berri den Luis Mendizabal ikasleak ere zeresana izango dute kontakizun honetan zehar. Halaber, tartea zabalduko diote futbolari eta gaelikoari.

'Eskoziaren erabakia' erreportajeak Eskozia eta eskoziarren izaera hobeto ezagutzera ematea du helburu, herrialde hau erreferendumera nola heldu den hobeto ulertzeko.

Eskoziako erreferendumari jarraipen berezia egingo dio ETBk datozen egunetan, eta hauxe dugu aste honetan eskainiko den erreportaje berezietako bat.