Itxi

telebista

Gaur, 21:30ean

Pampi Laducheren bizitzan murgilduko da '6 Argazkitan' saioa

A.A.

EiTB

Jeanne emaztea, bere lau anai-arrebak, Pascal Ondarts lagun mina eta Yves Sallaberry Xala izango dituzte solaskide, besteak beste.

0:40

Pampi Laducheren bizitzaren errepasoa egingo du irailaren 14an Pedro Mari Goikoetxeak gidatzen duen '6 Argazkitan' saioak. Protagonistaren ahotan entzungo dugu txikitatik izan zuela pilotarako sena, eta Azkaingo trinketean ekin ziola bere ibilbideari, aitak gertutik jarraituta. Izan ere, Joset Laduchek semea pilotaria izatea nahi zuen, gauza guztien gainetik, eta txiki-txikitatik estu hartu zuen semea. Erabat hunkituko da Pampi 1987an eskuz binaka lortu zuen aurreneko txapelari buruz hitz egitean, eta txikitako oroitzapenak gogora ekartzeko lau anai-arrebekin elkartuta.

Esku pilotan aritu aurretik, trinketeko izarra izan zen Pampi. 1974an, Montevideon, munduko txapeldun izan zen, eta 1977an Retegi I.aren aurkako desafioa irabazi zuen. Garaipen hari esker eman zuen esku pilotarako jauzia, hain justu. Garaiko bi pilotari izango dituzte solaskide: Iñaki Aldazabal Aldazabal II.a eta Joxe Martin Martinikorena. Eta egungo beste bat ere bai: Yves Sallaberry Xala, haren entrenatzaile izan baita Pampi.

Jeanne emaztearekin eta Pampiren lagun den Pascal Ondarts errugbi jokalari ohiarekin ere arituko dira kontu kontari, familiaz eta lagunek beretzat duten garrantziaz.

'6 Argazkitan' gaur eskainiko da, 21:30ean, ETB1en.