Itxi

telebista

Lehen porrota

Baztan, finalerdietara Conquistourreko taldea menderatu ostean

'El Conquis' irabazi duten lehiakideez osatutako taldeak lehen bi desafioak irabazi zituen, baina Nafarroan lehen porrota jaso du. Goñi izan da kapitain lanetan eta galtzaile atera da bere herrian.

  • Baztaneko taldea. Argazkia: EiTB

    Baztaneko taldea, garaipena ospatzen. Argazkia: EiTB

'Conquistour' saioko hirugarren atalak Baztanera (Nafarroa) eraman gintuen. 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioa irabazi duten lehiakideek osatutako taldeak lehen bi desafioak irabazi zituen, Orion eta Errenterian. Hirugarren desafioan, ordea, Mikel Goñi kapitain zutela, zaplaztekoa jaso zuten. Baztango taldea atera zen garaile, eta, ondorioz, talde honetako lehiakide batek 'El Conquis' saiora zuzenean sailkatzeko aukera izaten jarraitzen du.

Goñi bere herrian zegoen. Urduri zegoen pilotaria, zerbait susmatzen zuen, baina ez zekien zer zetorkion gainera. Carlos bere anaiak eta Iñigo bere lagun on batek segada edo enboskada itzela prestatu zioten. Hala eta guztiz, Mikel Goñik bere eskuetan izan zuen garaipena kapitainen erronkan. Pauso bat eman eta zubi batetik jauzi egitearekin garaipena bere taldearena zen, baina bertigoak ez zion jauzi egiten utzi. Patxi Larretxea beste taldeko kapitainak bitan pentsatu gabe jauzi egin zuen, eta Baztango taldearentzat izan zen garaipena.

Kapitainen erronkan lortutako abantaila erabakigarria izan zen azken desafiorako. Patxi Larretxearen taldeak hasieratik aurrea hartu zuen azken proban, baina erronka azken unean erabaki zen Eneko Van Horenbekeren eta Unai Bertizen arteko lehiarekin. Unaik sei altxaldiko abantaila zuen, baina Enekok zeukan guztia eman zuen, eta azken emaitza Baztaneko taldearen aldeko 10-7koa izan zen.

Ondorioz, Baztango taldea da finalerdietarako txartela lortu duen lehena eta Iñigo Ruiz lehiakideak 'El Conquistador del Fin del Mundo' saiora zuzenean sailkatzeko aukera izaten jarraitzen du.