telebista
Erreportaje berezia
Titini buruzko dokumentala, gaur ETB1en eta bihar ETB2n
A.A.
EiTB
22 urteko ibilbide luze eta arrakastatsuari amaiera emango dion pilotaria izango du protagonista.
Titin III.a pilotariaren kirol ibilbidea errepasatzen duen erreportaje berezia eskainiko du Euskal Telebistak asteburuan. Triziotarrak igandean emango dio amaiera 22 urteko ibilbide luze eta arrakastatsuari, 45 urterekin. Pilotaren historiak eman duen aurrelari onenetarikoa gertutik ezagutzeko aukera izango dugu 'Titin III.a iraultzailea' erreportaje berezian, eta kantxan eman dizkigun unerik onenekin gozatzeko parada ere izango dugu.
Profesionaletan irabazi dituen bost txapelen emanaldi zatiak eskainiko ditu erreportajeak. Lau txapel irabazi ditu binaka, lehenengoa 1994an Fernando Arretxerekin, eta azkena 2012an Merino II.arekin. Bi errioxarrek elkarrekin irabazi duten txapel bakarra da, eta horregatik berezia Titinentzat, berak aitortu duen bezala. Lau eta erdian ere badu beste txapel bat, 2007an Abel Barriolari irabazi ziona. Baina Retegiren aurka kaiolan galdu zuen 22 eta 21ekoa ere gogora ekarriko dute.
Final horietan aurkari izan dituen pilotarien adierazpenak bilduko dituzte. Hala nola: Ruben Beloki, Jokin Errasti, Julian Retegi, Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola eta Ives Salaberry Xalarenak.
Titin pilotan non hasi zen eta pilotari zergatik egin zen erakutsiko du 'Titin III.a, iraultzailea' erreportajeak, gertutik ezagutu dutenen ahotan. Eskolan zebilen garaian kirolerako erakutsi zuen zaletasunaz eta trebeziaz mintzatuko da Javier Solozabal irakasle eta gerora botillero izan zenak. Gasolindegian lanean zebilela, Arguiñano eta Aseginolaza Asegarcerako fitxatzera nola joan ziren ere gogora ekarriko du, baita Aspe enpresara aldatu zenekoa ere. Entrenatzeko izan duen grina, haren prestatzaile Joaquin Plazaren hitzetan ezagutuko dugu.
'Titin III.a iraultzailea' gaur eskainiko da ETB1en, 22:30ean, eta 'Titin III, un antes y un después' bihar, igandean, ETB2n, gauerdian.