Itxi

telebista

21:30ean

Joxe Mari Iriondorekin, igande honetako '6 Argazkitan' saioan

A.A.

EiTB

Bere bizitzan bidelagun izan dituen hainbat lankiderekin elkartuko da, Itziar Sagarzazu, Ainhoa Goikoetxea, Txomin Garmendia eta Laja eta Landakanda, besteak beste.

0:27

Joxe Mari Iriondoren bizitza ezagutzeko aukera izango dugu igande honetako '6 Argazkitan' saioan, 21:30ean, ETB1en. Urrestillan jaioa, urte eta erdi besterik ez zuela ama hil zitzaion eta amonaren baserrira eraman zuten. Haurtzaro oso zoriontsua bizi izan zuela gogoratzen du Joxe Marik, nahiz eta amonak ez omen zion sekula musurik eman.

Euban eta Gabiriko pasiotarrekin ikasi ondoren, soldadutza Marokon egitea tokatu zitzaion. Handik bueltan, Loiolako Herri Irratian hasi zen lanean. Garai hartako Itziar Sagarzazu lankidearekin gogoraraziko ditu Joxe Marik orduko istorioak.

Hamaika elkarrizketa egindakoa da Joxe Mari irratian; bertsolariekin, trikitilariekin eta kantariekin grabazioak ere bai. Txomin Garmendia bertsolariarekin eta Laja eta Landakanda bikotearekin hitz aspertua egingo du emanaldi haiek oroitarazteko.

Lourdes Iriondok Loiola irratian 1965ean egindako aurreneko grabazioa ere entzungai izango dugu '6 Argazkitan' saioan. Izan ere, Joxe Mari Ez Dok Amairuren hastapeneko bileretako testigu izan zen. Bilera haietako anekdotak eta pasadizoak kontatuko ditu Jose Antonio Villar Ez Dok Amairuko partaidearekin batera.

1975ean ekin zion Joxe Marik telebistako ibilbideari, Telenorten 'Euskalerria' saioa aurkeztuz. Han urte batzuk egin eta Euskal Telebistan hasi zen ondoren. Euskal Telebistako zuzendari nagusi izatera iritsi zen, baita Eusko Irratiko koordinatzaile eta Radio Euskadiko zuzendari ere, besteak beste. 1996an 'Aire, Aire' saioa aurkeztu zuen Ainhoa Goikoetxearekin. Orduko anekdotak ekarriko dituzte gogora elkarrekin.

Bukatzeko, familiaz hitz egingo digu Joxe Marik, bi semeez eta bilobez. Horretarako, Telmo biloba izango da gonbidatua.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea