telebista
Iñigok ordezkatu du
Erriberriko taldeko Sergio Lopez, 'Conquistour' saioko garailea
Iñigo Egaña gogor aritu da lanean Sergiori garaipena emateko. Nafarra min hartuta zegoen, eta zarauztarrak hartu du haren tokia. Juanito eta Korta finalean izan dira.
"Conquistour" lehiaketan hainbat astez lehian izan ostean, "El Conquistador del Fin del Mundo" 2015era joateko txartela irabazi duen lehiakidearen izena jakin dugu: Sergio Lopez de Luis, Erriberriko taldeko kidea.
Hainbat sorpresa izan ziren denboraldiko gau zirraragarrienetakoan. Baztan eta Erriberriko taldeetako lehiakideek eta kapitainek bazekiten nafarren arteko final handian "Conquis"era joateko txartela baino zerbait gehiago zegoela jokoan: ohorea, hain zuzen ere.
Gaueko lehen ustekabea Sergiok eman zigun: min hartuta azaldu zen finalera. Bigantxekin aritzeko zaletasun handia du, ezbeharra izan zuen, eta ezin izan zuen lehiaketan parte hartu. Ondorioz, Iñigo taldekidea aukeratu zuen azken proban bera ordezkatzeko. Zarauztarrak nafarraren eskaera onartu zuen, eta haren tokia hartu zuen final handian.
Azken proba handiak Gorlizko paisaia zoragarriaren mailakoa izan behar zuen, eta halakoa izan zen. Iñigo Egañak eta Iñigo Ruiz de Larrinagak soka banatik zintzilikatuta hasi zuten lehia. Soka erre behar zuten jaisteko, baina ez ziren konturatu gurutzatuta zeudela. Zarauztarra azkar ibili zen, baina, nahi gabe, baztandarrari lagundu zion. Aske geratu zirenean, bi taldeek uretara salto egin zuten 10 metroko itsaslabarretik. Hondartza batera joan ziren, eta han hartu zuten gaueko bigarren ezustekoa: Juanito eta Jose Luis Korta zain zituzten.
"Conquistador" saioko beteranoek baltsa bana eraikitzen lagundu zieten bi taldeetako kideei. Almadiekin hurrengo probara iritsi ziren: urpean igeri egiteko duten gaitasuna erakutsi behar zuten bertan. Ura maite ez duten arren, Baztangoek gaueko hirugarren sorpresa eman ziguten: beraiek hartu zuten lehenengo urpean zegoen bandera. Baina probarik gogorrena iristear zegoen. Nafarrak aurrea hartu zion zarauztarrari 160 metroko tirolina erraldoiari ekiterako orduan. Tirolina ezinbestekoa izan zen final handian.
Baztandarrak abantaila izanda ere, Erriberriko taldeko lehiakideak bere nagusitasuna erakutsi zuen tirolina luze eta gogorrean. Baztandarren itxaropena itzali egin zen zarauztarra tirolinaren amaierara iristen zihoan heinean. Azkenean, beste ezustekorik gabe, Iñigo Egañak irabazi zuen, eta "El Conquistador del Fin del Mundo" saioko hurrengo edizioan parte hartzeko txartela eman zion Sergiori.
Orain, nafarrarekin batera hurrengo abentura handian izango diren gainerako lehiakideen izena jakitea besterik ez zaigu falta. Eta laster izango da...