telebista
Igandean
Itziar Aizpuru aktorea protagonista, '6 Argazkitan' saioan
A.A.
EiTB
Txikitako lagunak, seme-alabak eta berarekin lan egindako hainbat antzezle, tartean, Jose Ramon Argoitia eta Mariasun Pagoaga, izango ditu lagun bere bizitzaren errepasoan.
Gipuzkoako kostaldetik ekingo dio Pedro Mari Goikoetxeak aste honetako '6 Argazkitan' saioari. Izan ere, Getariako Elkano kalean jaio zen Itziar Aizpuru antzezlea. Largonekoak ezizeneko familian, hiru neba-arreba ziren: Ibon, Benite eta Itziar. Neba gazterik hil zen, gaixotasun baten ondorioz.
Itziarrek urteetan egin zuen lan familiaren arropa-dendan, ahizparekin batera. Han elkartzen zen Xixilineko Maria Jesusekin, eta denbora luzean egoten ziren orduko zinema-aldizkariei begira Elkano kaleko bazter batean.
Getariko Gure Txeru antzerki-taldean hasi zen aktore Itziar Aizpuru. Oholtzara igotzen zen bakoitzean, joan egiten zitzaizkion kaleko lotsa guztiak.
Ezkondu, hiru seme-alaba hazi, eta 50 urterekin, goiz batez, telefonoa hartu eta ETBra deitu zuen, 'Goenkale'ko casting proba bat eskatzeko. Bi denboraldiz, Dolores Aldai izan zen, emakume hotz eta gaizto samarra. Handik umorearen erregistrora igaro zen, eta Mari Koro izan zen 'Martin' telesail arrakastatsuan.
Pantaila txikitik pantaila handirako saltoa, ordea, 2010ean eman zuen, 80 egunean filmarekin. Axunen paperean, gaztetako lagun bat topatzean bihotza astinduko zaion baserritar bat gorpuztu zuen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lehen pelikula luzean.
Iragarkiak, film laburrak eta bestelako lantxoak egin eta gero, bigarren film luzea etorri zen, zuzendari bikote berarekin: Loreak pelikula estreinatu berrian, Itziar Tere da, semea galdu duen ama nahigabetua.
Garaño eta Goenaga zine zuzendariak, Jose Ramon Argoitia, Mariasun Pagoaga, Itziar Ituño, Itziar Iraundegi eta beste hainbat lagun izango dituzte bidelagun Itziar Aizpururen bizitza errepasatzen, igande iluntze honetan; beti bezala, 21:30ean, ETB1en.
TB1en.