Itxi

telebista

Aurkezpena

Saio eta aurpegi berriak izango dira ETBko programazioan urtea hasteko

Besteak beste, 'Sorgintxulo', 'Herri Txiki, Infernu handi', 'Ganbarazaleak', 'Oholtzan', 'El Mundo según LND' eta 'El Faro' izango ditugu ETBko programazioan urtea hasteko.

  • Programazio berriaren aurkezpena

    Programazio berriaren aurkezpena

Urtea nobedadeekin hasiko du ETBk. 'Sorgintxulo', 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Ganbarazaleak', 'Oholtzan', 'El Mundo según LND' eta 'El Faro' dira 2015. urtea hasteko ditugun saioetako batzuk. Entretenimenduaz gain, informazioa eta aktualitatea izango dira Euskal Telebistaren programazioaren ardatz nagusi albistegi eta gainerako magazin eta solas-tarteetan.

Horrela adierazi du Edu Barinaga ETBko zuzendariak ostiral honetan egindako agerraldian: "Oro har, Euskal Herrian barna eramango gaituzten saioak eskainiko ditugu, entretenigarriak, hurbilak, euskaldunon ikusmina piztuko dutenak, eta gure ondarea eta kultura erakusteko grina ere badutenak. Hein batean edo bestean, euskaldunon herri hau ardatz izango dutenak".

Haur programazioa, ETB1en

Haur programazioa ETB1era itzuliko da, eta goizean goizetik haurrak esnatzeko saio erakargarria estreinatuko da astelehenean: 'Sorgintxulo'. 07:00etatik 09:00etara izango da ikusgai, egunero. Goizeko iratzargailu alaia izango da, Euskal Herriko neska eta mutil guztiak euskaraz, mimoz eta umore onez esnaraziko dituen saioa. Euskal izaera eta ondarea oinarri hartuta, magiaz eta umorez zipriztinduko ditu ETB1eko goizak. Horrez gain, ETB3ko programazioan ere topatuko ditugu saio berri honen edukiak.

Hiru pertsonaia izango dira 'Sorgintxulo' saioaren gidariak, zein baino zein xelebreagoa: Zuri sorgina (Zuriñe Hidalgo), Tor magoa (Aitor Bilbao) eta Gorritxo galtzagorri jostalari eta bihurria.

Urtearekin batera beste apustu berritzaile bat ekarri dugu ETB1era; igandean harrera oso ona lortuta estreinatu zen 'Herri Txiki, Infernu Handi'. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga Euskal Herriko herri txiki eta xarmantenetan barneratuko dira astero, bertako biztanleak ezagutuz eta bizitako esperientzia bakarrizketen bitartez azalduz. Pagadik eta Zuhaitzek Sebastian Lizaso bertsolaria izango dute lagun bidaia honetan. Errezilera eramango gaituzte datorren igandean.

'Ganbarazaleak' ere estreinatzear dugu. Euskal Herriko ganbaretan gordetzen diren altxorrak erakutsiko dituen saioa da. Normalean ganbarak trasteak biltzeko erabiltzen baditugu ere, askotan horien artean benetako altxorrak topa ditzakegu: objektu edo gailu horiek balio historikoa, artistikoa, ekonomikoa edota sentimentala izan dezakete, eta horien atzean istorio ederrak ezkutatzen dira. Istorio horien atzetik ibiliko dira ganbaraz ganbara. Gainera, Euskal Herriaren historia ezagutzeko aukera ere eskainiko digute objektu horietako askok.

Ikus-entzuleak ganbara horietan zehar gidatuko dituztenak Pedro Mari Goikoetxea kazetaria eta Ainhoa Ciganda kontserbatzaile-zaharberritzailea, egurrean eta urrean espezializatua, izango dira.

Bestalde, aurten, musika, dantza, antzerkia eta bestelako emanaldi bereziak 'Oholtzan' saioaren baitan bilduko dira. Ilaski Serranok izango du Euskal Herrian barrena izango diren ikuskizun hauek aurkezteko ardura larunbat gauetan.

Arratsaldero, 'Azpimarra' eta 'Euskal Herria Zuzenean', eta 'Zuek Hor!' asteazkenetako ordutegi nagusian

Nobedade hauek beste hainbat aldaketa ekarriko dituzte ETB1eko programaziora. 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioak 'Zuek Hor!!' izena hartuko du eta astean behin emango da, asteazken gauetan. Anjel Alkainek, Iker Galartzak eta Aitziber Garmendiak gidatuko dute. Bi gonbidatu izango dituzte saio bakoitzean eta gonbidatu horiei lotutako elkarrizketan oinarrituko da saioa. Barrea eragitea izango dute, beste behin, ardatz nagusietako bat, eta esketx eta pertsonaiak tartekatuko dituzte. Musikak ere tarte garrantzitsua izango du: platoan bertan musika talde bat izango dute eta programa amaitzeko, bertso musikatua izango dute: pertsonaiei buruz eta programan gertatutakoari buruz arituko den bertsoa.

Astebarruko arratsaldeetan, beraz, Maddalen Iriartek eta Asier Odriozolak gidatzen duten 'Azpimarra' saioa luzeagoa izango da. Elkarrizketak eta egun-eguneko berrien inguruko solasa eta iritzia eskaintzen ditu. Notizia den guztiari erreparatu eta egingo diote so. Politika, gizartea, ekonomia, kultura eta tokiko informazioa, egunero, 16:15etik 18:15era.

'Euskal Herria Zuzenean' saioa ere eraberriturik eta luzeago dator datorren astelehenetik aurrera. Astelehenetik ostiralera bitartean, 18:50ean hasi eta 20:00ak arte izango da ikusgai. Xabier Euzkitzek aurkezten duen programak hurbileko aktualitatea jarraitzeaz gain, bestelako gaiak jorratuko ditu: Ibon Gaztañazpi kazetariak egunero ekarriko ditu 'Herri People' programan lantzen dituen gaiak eta pertsonaiak. Iñigo Agirre kazetariak, berriz, gastronomiari lotutako erreportajeak landuko ditu. Xabier Euzkitzerekin solaserako prest egongo dira programako kolaboratzaileak, eguneko gaiak hurbiletik jarraitzeko asmoz. Denboraldi berrian, gainera, erreportari eta solaskideen artean aurpegi berriak ezagutuko ditugu egunez egun.

Hauek izango dira epe laburrera izango ditugun nobedadeak ETB1en, baina saio berriak ere lantzen ari dira. Esate baterako, 'Ur Handitan', elkarrizketan oinarritutako erreportaje saioa. Gaurkotasun handiko gaietan sakondu eta haratago joango da Jaime Otamendi kazetaria.

Aurtengo kurtsoa izango da, bestalde, 'Goenkale' telesailarentzat azkena. Esker ona baino ez daukagu 21 denboraldiz posible egin duen Pausoka eta ETBko lan-taldearentzat. Merezi duen amaiera emango zaio ETBri eta oro har euskal ikus-entzunezkoari ekarpen handia egin dion telesailari. Bien bitartean, gainera, fikziozko proiektu bat landuko da datorren kurtso edo urterako.

'El Conquistador del Fin de Mundo', igandetik aurrera

ETB2n urtea 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioarekin hasiko dugu, datorren igandean. Munduko abentura reality gogorrena igandetan eta astelehenetan emango da. Bi egunetan, Julian Iantzik aurkeztuko digun abentura eta Patxi Alonsoren ondorengo debatea eskainiko dira. Muturreko egoerak izango ditugu abentura eta biziraupen saioan, eta lehiakide eta kapitainek zeresan handia emango dute beste behin.

Bestalde, Felix Linaresek bigarren saio bat izango du ETB2n astero. 'El Mundo según LND' saioa filmaren aurretik emango da eta filmaren inguruko historia bereziak bilduko ditu, 'La Noche de'ren estiloan. Bere testuinguruan kokatuko du filmaren gaia eta protagonistaren sekretu guztiak agerian utziko ditu. Gaiarekin zerikusia duten pertsonaia historikoak zinean  nola erakutsi dituzten aztertuko du. Astero gainera ¿Y los vascos qué? atala izango dugu, euskaldunek emandako filmean edo jorratutako gaian izan duten tratamendua erakutsiz. Filmeak ikus-entzuleengan arreta pizten duten gaiei buruzkoak izango dira eta efemeride bereziekin ere zerikusia izan dezakete.

Datorren astetik aurrera, berriz, Silvia Intxaurrondo kazetariak Jon Bilbaoren lekukoa hartuko du 'Por Fin, Viernes' saioan. Santurtziko aurkezleak  gidatuko du ostiral gauero egun-eguneko elkarrizketa eta solas tartea.

Bestalde, urtarrilaren 19an 'El Faro' telesaila estreinatuko du ETB2k. Kostaldeko herri bateko bi familien arteko ika-mikak ditu ardatz. Bi sendiak etsaiak diren arren, maitasuna tarteko, elkar ulertzera behartuta egongo dira. FORTAko zenbait telebistak ekoiztu duten telesaila astelehenetik ostiralera, 13:00ak aldera, izango da ikusgai.

Aste batzuetan atseden hartuko du 'No es País para Sosos' saioak, baina laster izango dira Ander Gonzalez eta Ramon Roteta programazioan, hainbat aldaketa izango dituen saioarekin. Bien arteko lehiari eutsiko diote, eta oraingoan euren 'erronka pertsonala' Euskal Herriko bi herritara zabalduko dute. Saioak bere arrakastaren osagaiak bilduko ditu: gidoi bikaina, sukaldaritza, gure paisaiak eta pertsonaiak.

Urtarrilaren amaieran, halaber 'Secret Chef' saioa izango da ikusgai, Fausto Grossi pizza eta pasta prestatzen iaioa den sukaldari italiarrarekin.

Hauek izango dira, besteak beste, ETB2ko programazioren nobedadeak. Albistegi eta aktualitate magazinak izango dira, orain arte modura, oinarrizko zutabeak. Halaber, aurrera begira, ordutegi nagusirako umorezko saioa lantzen ari da ETB.