Itxi

telebista

22:15ean

'Sabino Aranaren begiak' dokumentala, gaur gauean, ETB1en

EITB

Euskal abertzaletasunaren aitaren ibilbidea errepasatu ostean, gaiaren inguruko solasaldia gidatuko du Xabier Usabiagak 'Debatea' saioan.

0:28

Gaur gauean, 22:15ean, Sabino Aranaren begiak dokumentala izango dugu ikusgai ETB1en, hura jaio zela 150. urteurrena bete berri den honetan. Film Services etxeak eta ETBk elkarlanean ekoitzitako saioak Sabino Aranaren bizitzan eta ibilbidean barrena bidaia proposatuko du. Jarraian, gaiaren inguruko solasaldia gidatuko du Xabier Usabiagak 'Debatea' saioan, Sabino Aranaren eta nazionalismoaren historia gaur eguneko ikuspuntutik aztertuz.

Dokumentalaren argumentu nagusia Aranaren bizitzako bi giro nagusien arteko kontrastean datza. Arana gazterik hil zen, 38 urterekin, eta bi munduren artean banatu zuen bere bizitza. Bata, gizarte berria, hiritarra, Bilbo eta industria iraultzaren  inguruan; bestea, herritarra, tradizionala, Gernika, Sukarrieta, ohiturak eta foruak ardatz zituela. Bi paisaia horiek bere izaera landu eta betiko aldatu zuten.

Dokumentalaren hasierak 1937. urtera garamatza, Gernika bonbardatu eta hiru egunera Juan de Ajuariaguerrak Sabino Aranaren hondakinak hilobitik atera zituen ezkutuan, beste nonbait gordetzeko. Busturialdean faxistak aurrera egiten ari ziren eta, horren beldurrez, euskal abertzaletasunaren sortzailearen memoria gordetzeko abiatu zen operazio hori.

Horrez gain, Sabino Aranaren begiak haren ibilbideko leku garrantzitsuenetan pausatuko da. Haren bizitzaren hastapenetako Urduñan eta Bartzelonan eta Industria Iraultzaren garaiko Bilbon eta Urdaibai eskualdean ere barneratuko da.

Karlistaren seme zen Sabino, eta oso gazte zela piztu zitzaion euskararekiko grina. Bere doktrina politikoaren erdian kokatu zuen euskara, eta bultzada oso garrantzitsua eman zion.

Sabinoren gaztaroa, ikasketak, gaixotasuna, idatziak, EAJ sortzeko prozesua, kartzelatzea... Horiek guztiak errepasatuko ditu lan honek. Gainera, besteak beste, Luis de Gezala, Amagoia Mujika Goñi, Andres Urrutia, Josune Ariztondo eta Joseba Agirreazkuenagaren azalpenak tartekatu ditu dokumentalak.