Itxi

telebista

Gaur

Bengoetxea VI-Untoria / Urrutikoetxea-Beroiz, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Igandean, Ucam Murcia-Bilbao Basket saskibaloi partida ere emango dute zuzenean.

  • Oinatz Bengoetxea eta Untoria

    Oinatz Bengoetxea eta Untoria

Zuzeneko bi emanaldi eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean: saskibaloia goizean eta pilota arratsaldean.

12:15ean, Endesa Ligaren leihoa zabalduko dute, Ucam Murcia-Bilbao Basket neurketa eskaintzeko. Xabier de la Fuentek eta Josean Aldalurrek egingo dute partidaren kontakizuna.

Arratsaldean, berriz, eta ohi denez, 17:00etan hasiko da 'ETB Kantxa' pilota saioa. Eibarko Astelena pilotalekuan izango den jaialdiaren berri emango dute Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak. Hasteko, Apezetxea-Merino I eta Aritz Lasa-Irusta izango dira aurrez aurre; ondoren, Eskuz Binakako Pilota Txapelketako neurketa jokatuko dute Bengoetxea VI-Untoria eta Urrutikoetxea-Beroiz bikoteek, eta, amaitzeko, Gorkak eta Larrinagak Mendizabal III.aren eta Urruzolaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Igande honetan birritan zabalduko dute herri kirolen tartea ETB1en: 11:00etan, idi-proben Euskadiko txapelketa izango da ikusgai, eta 16:00etan, berriz, eguerdian Azpeitian jokatutako aizkolarien Eusko Label sariko finala. Bi emanaldietan, Ibon Gaztañazpi arituko da esatari lanetan; arratsaldekoan, Joxe Etxebeste lagun duela.

Bestalde, ETB4n, bi pilota emanaldi izango dira: 12:00etan, Tolosako Miguel Soroa torneoko finalak eta, 20:15ean, Bizkaia Cup txapelketako finala. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna bietan; goizeko aditua Anizeto Lazkano izango da eta arratsaldekoa, berriz, Iker Amarika.

Amaitzeko, Mikel Olazabalek gidatzen duen 'Gol Festa' saioan futbol jardunaldiaren analisia egingo dute 19:30etik aurrera, ETB1en. Eguneko arretaguneetako bat Real Sociedad-Espanyol partida izango da.