Itxi

telebista

22:30ean

'Todos los Apellidos Vascos' saioa estreinatuko du ETB2k gaur

EITB

Olga Zabalgogeaskoaren eskutik, Iñaki Gabilondo kazetariaren sustraietan sakonduko du lehen saioak, haren familiaren historia txikien arrastoari jarraituz.

1:17

Euskal Telebistak 'Todos Los Apellidos Vascos' saioa estreinatuko du gaur gauean, 22:30ean, ETB2n, Olga Zabalgogeaskoak aurkeztuta. Hainbat pertsonaia ezagunen sustraietan sakonduko dute, eta horien familiako historia txikien arrastoari jarraitu. Iñaki Gabilondo, Iñaki Lopez, Juan Martinez de Irujo, Miguel de la Quadra Salcedo, Jose Mujica, Iñaki Perurena, Javier Clemente eta Carla Royo-Villanova izango dira, besteak beste, saioaren protagonistak.

Horrez gain, eta bide batez, 'Todos los Apellidos Vascos' saioak Euskal Herriaren eta bertan bizi garenon historia emango du ezagutzera. Ez da orokorrean izango, kasu bereziak aurkeztuko dira: izen-abizenak dituzten kasuak, protagonisten arbasoen izen eta abizenekin, baita ere.

Kazetari eta historialari lantaldea

Atal bakoitzaren hasieran, lantaldeak gonbidatuari arbaso hurbilenen zerrenda, jatorria eta lehen zortzi abizenak eskatuko dizkio. Aurrerago, adiskide eta ahaideekin duen harremanaz ere galdetuko diote. Ikerketa historikoaren asmoa, bestalde, protagonista harrituta utziko duten datuak emanez egingo dute. Protagonista bakoitzari argazkiak, gutunak eta familiako objektuak ere eskatuko dizkiote.

Ondoren, historialari taldearekin bilduko dira: Silvia Carnicero eta Maria Gonzalez dira ikerketa taldearen partaide, eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin, burua. Horiekin, lan-ildoak finkatuko dituzte eta, beharrezkotzat jotzen badute, tokiko historialari edo adituek ere hartuko dute parte.

Hortik aurrera, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba edo Iruñeko elizbarrutiko artxibategiak bisitatuko dituzte. Jaiotza, ezkontza eta heriotza agirien artean ikertzen ibiliko dira. Arbasoen soslaia egiteko datuak ateratzen saiatuko dira, eta garaiko ohiturak begiratuko dituzte, esate baterako. Horrez gainera, arbaso galduen arrastoari ere jarraituko diote eta zuhaitz genealogikoa garatu. Protagonista bakoitzak duen historiaren arabera, Erdi Aroraino irits daitezke. Halaber, protagonistak ezagutzen ez duen baina berarekin zerikusia duen pertsonaia anonimo bat lokalizatuko dute.

Ikerketa lan hori guztia egindakoan, protagonistarekin bilduko dira berriro, bere biografiaren inguruko aurkikuntza eta pasadizo bereziak kontatzeko. Aldi berean, protagonista bere iragan hurbileko, haurtzaroko eta gaztaroko bizipen, leku eta objektuekin txundituta uzten saiatuko dira.

Zer topatuko dute?

Ikuspegi soziologiko eta antropologikotik eta bizipenen alderditik begiratuta, informazio interesgarria topatuko dute: garai desberdinetan zer adinetan ezkontzen ziren, zenbat seme-alaba izaten zituzten, seme eta alaba ez-legitimoak, heriotza baten inguruko gertakizun bereziak, garai bakoitzeko lanbideak eta hauek nola garatzen zituzten, transatlantikoan egindako bidaia baten kontuak, euskal etorkinek Ameriketan izandako historiak, gerra garaian deserriko kontuak, lurralde gatazkak baserritar eta auzokoen artean, eta bandoen arteko guduak Erdi Aroan.

Pertsona arrunten historiak

'Todos los Apellidos Vascos' saioak ez ditu noble, konkistatzaile, eragin handiko politikari edo enpresaburu garrantzitsuen biografiak bilduko. Haatik, jende arrunta baina, aldi berean, apartaren historiak bilduko ditu. Gu geu nortzuk garen, euskal gizartea oro har, alegia, hobeto jakiten lagunduko digute.

Zergatik saio hau?

Jatorri bat dugu denok, eta nolakoak garen azaltzeko arrazoiak zerikusi handia du gure arbasoen historiarekin. Paisaiak, gure arbasoak non hazi ziren, bizitako esperientziak, amodio eta desamodio kontuak, gatazkak, eta une jakin batean hartutako erabakiak jarriko dituzte mahai gainean. Guztiok, gure bizitzaren uneren batean, bederen, nondik gatozen eta gure sustraiak non dauden jakin nahi dugu.

Gainera, euskaldunok gure abizenei buruz jakiteko grina berezia izan dugu. Noiztik? Ia duela sei mendetik hona, Bizkaian nobleak aitortu eta arbaso guztiak bizkaitarrak zirela frogatzen zuenari pribilegioak ematen zizkion forua onartu baitzen une hartan.

zen une hartan.