telebista
Laburpena
Rakelek Andekaren aurkako lehia galdu eta Irantzuk abentura utzi du
Argentinari agur esan eta Txilen barneratu da abentura saioa. Rakel abenturatik at gelditu da, Andekaren aurkako lehia galduta; Irantzuk, berriz, abentura utzi du, Juanito eta Janainarekin gogaituta.
Lanak ondo eginda joan da nafarra, Andeka saioko lehiakide azkarrenetako baten aurka lehiatuta. Rakelek ez zuen amore eman eta, nahiz eta galdu, ur-jauziaren beheko jumarra bukatu egin zuen, abentura osoan legez, lan duina eginez.
Ustez taldeko kapitainaren babesa izatea ez zen nahikoa izan taldekideen izendapena jasotzea ekiditeko. Manuk Patxi eta Andeka izendatu zituen; bestalde, Andeka jada ez da saiatzen sendoenekin lehiatzen, eta argi zuen pumen taldeko azken emakumea aukeratu behar zuela saioan jarraitzeko. Halaber, immunitate jokoan zein rafting ibilbidean galdu arren, taldeko giroa oso ona da talde gorrian. Badirudi argi dagoela Andekak agintzen duela eta Manu Maritxalar egoerara moldatzen ari dela, bere lehiakideen artean gatazkarik bilatu gabe; jarrera zentzuduna, Juanito Oiarzabal eta Jose Luis Korta aurkariek dutena ez bezalakoa.
Guanakoak ez dira gai harmonia lortzeko
Guanakoen taldeak irabazi zuen Palena ibaiko gomonen lasterketa eta, ondorioz, kanpamentu aberatsaz eta suaz gozatu zuten, zezenkoen jokoan ere garaipena lortu zuten, eta baita hango saria jaso ere; baina, hala eta guztiz ere, ez dira gai taldean harmonia lortzeko.
Azken atalean, gorabehera dezente izan ziren hainbat lehiakideren artean: Janaina eta Eneko, Janaina eta Irantzu, Juanito eta Maixa, Korta eta Sexy Black, etab. Azken buruan, trabaz betetako giro nazkagarria dute taldean, izaera lasai eta patxadatsua dutenek soilik jasan dezaketena. Irantzu, baina, ez da halakoa. Jarrera sendoa erakutsi zuen Juanitoren aurrean txiletar lapikokoarekin batera etorri zen ardo zuriagatik. Mendizaleak barre egin zuen deustuarrak asko edaten zuelako eta Irantzu sutan jarri zen. Nagore gaixoak dagoeneko ezin du ahalegin gehiago egin guanakoen taldeko giroa lasaitzeko. Egoera nola bukatu zen? Bada, Irantzuk abentura utzi zuen, eta taldekide guztiei esan zien agur (Kortari ere bai), Juanito eta Janainari izan ezik.
Matxinada odoltsua taldean?
Ikusiko dugu zer gertatuko den berdeek joko bat galdu eta izendatzeko ordua heltzen zaienean. Kapitainek behin eta berriz diote saioko hamaika edizioetako talderik txarrena dutela; Maixa, Sexy eta beste taldekide batzuk, bestalde, taldean matxinada odoltsua prestatzeko zorian daude.
Ordu gutxitan horrenbeste kontu gertatu direnez, badirudi ezerean gelditu dela saioan abian jarri duten formatu berria. Orain, immunitate jokoak egin aurretik, kilometro asko egin beharko dituzte arraunean lehiakideek. Txileko Andeen handitasunak eta Palena ibaiak bideratuko ditu parte-hartzaileak Ozeano Barera.
Final berri baten atarian
Beraz, final berri baten atarian gaude; Ushuaiako uhartea, Perito Moreno glaziarra, Iguazuko ur-jauziak eta orain arteko beste parajeei lekukoa hartuko dien beste ingurune batean. Lehian aurrera doazenek, baina, ezingo dute begi aurrean dituzten leku harrigarriekin gozatu, norgehiagokan buru-belarri murgilduta eta elkarbizitzak eragiten duen higadurarekin itota baitaude "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren hamaikagarren edizioaren une gorenera iritsi diren honetan.
diren honetan.