Itxi

telebista

Gaur, zuzenean

Banakako Txapelketako Arretxe II-Ezkurdia, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Oiongo pilota jaialdia Irujo-Aretxabaleta / Berasaluze II-Merino II partidarekin osatuko da.

Pilota izango dugu Euskal Telebistaren gaurko kirol eskaintzaren hitzordu nagusia. Oiongo jaialdia eskainiko dute zuzenean ETB1ek eta eitb.eus-ek arratsaldeko bostetatik aurrera, Xabier Euzkitzeren, Joxan Tolosaren eta Ibon Gaztañazpiren kontakizunarekin. Arretxe II.aren eta Ezkurdiaren arteko Buruz Buruko Txapelketako neurketarekin hasiko da eta ondoren bi bikote izango dira aurrez aurre: Irujo-Aretxabaleta eta Berasaluze II-Merino II.

Zuzeneko beste emankizun bat ere izango da ETB1en eta eitb.eus-en: Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-Iberostar Tenerife partida. Xabier de la Fuente, Josean Aldalur eta Juan de la Vega arduratuko dira.

Arratsaldeko lauretan, ETB1en, herri kirolen asteroko tartean, bezperan Elgoibarren jokatutako aizkolarien Eusko Label sariko jardunaldiaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek. Mugertza, Olasagasti, Larretxea eta Erasun izango dira nor baino nor gehiago.

Azkenik, ETB4n, 19:30ean, Etxeberria IV-Agirrezabala / Ezkurra II-Barrenetxea IV erremonte partida izango da ikusgai, Iñigo Aiestaranen eta Manuel Arrizabalaga Matxinen eskutik.

'Gol Festa', ohi denez, 19:30ean hasiko da. Mikel Olazabalek gidatutako saioak futbol jardunaldiko emaitzak errepasatuko ditu, partida garrantzitsuenen laburpenak eskainiko ditu, tartean Valentzia-Eibar, eta protagonisten hitzak bilduko ditu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista