Itxi

telebista

Programazio berezia

Hauteskunde kanpainari jarraipen berezia, EiTBn

A.E.

EiTB

Alderdien ekimenen eta jardueren berri emango da, albistegietako tarte, elkarrizketa, eztabaida eta hauteskunde gaueko berezietan.

Euskal Irrati Telebistako hedabideek maiatzaren 24ko Foru eta Udal Hauteskundeen berri emango dute; telebista, irrati eta Internet bidez. Jada ekingo diote kanpainari, eta alderdien ekimenen eta jardueren jarraipena egingo dute albistegietan, elkarrizketetan, eztabaidan eta hauteskunde gaueko saio berezietan. Alderdien programa eta hautagaiei buruzko informazioa eskainiko dute EiTBko albistegi zerbitzuek. Halaber, web berezi bat dago prest eitb.eus-en, Internet bidez kanpaina jarraitu ahal izateko.

Telebistan eta irratietan eguneroko informazioa albistegietako tarte berezietan sartuko da, baina horrez gain, elkarrizketak eta eztabaidak izango dira. Hauteskunde gauean, berriz, saio bereziak, inkestak, botoen kalkuluak eta behin betiko emaitzak.

Elkarrizketak eta eztabaidak

Hauteskundeetara aurkezten diren alderdien eta koalizioen ordezkariei eginiko elkarrizketak ETB1en, 09:00etan, 'Egun On Euskadi' albistegiaren barruan emango dira, Estepan Aldamiz-Etxebarriak aurkeztuta. ETB2n, berriz, 11:40ean izango da, Olaia Urtiagaren eskutik.

Euskadi Irratian elkarrizketak aste barruan eta asteburuan emitituko dira. Aste barruan, Maite Artolaren 'Faktoria' saioan, 09:30ean; eta asteburuan, Joxe Juan Ugalderen 'Goiz Kronika'n, 08:30ean. Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan Dani Alvarezek egingo ditu, 09:00etan; eta Radio Vitoriako 'Araba Gaur' programan Maritxu Diezek, 08:30ean.

Ikusleei alderdi politiko desberdinen programen eta proposamenen zuzeneko kontrastea eskaintzeko, hauteskundeei buruzko bi eztabaida egingo dira ETB1en eta beste bi (2X4 deskonexio) ETB2n.

Maddalen Iriarteren 'Azpimarra+' saioak asteartetan hartzen duen tartean eta 'Hauteskundeak' izenburupean, bi eztabaida izango dira: maiatzaren 12an eta 19an. Eztabaida bat udal mailakoa izango da eta bestea foru mailakoa.

'Elecciones 2015' izenburupean, zortzi eztabaida egingo dira maiatzaren 14an eta 21ean, 22:30ean. Horietako lau udal gaiei buruzkoak izango dira, eta beste lauak foru gaiei buruzkoak; guztiak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarrorako deskonexioan emitituko dira. Juan Carlos Etxeberriak eta Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztuko dituzte saio horiek.

Euskadi Irratiak hiru eztabaida egingo ditu hauteskunde kanpainak irauten duen artean, eztabaida bat Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakoitzeko. Eztabaida horietan lurralde bakoitzeko hautagaiek parte hartuko dute, eta bai lurralde mailako gaiak bai hiriburuari dagozkionak aztertuko dira. Arabakoa izango da lehenengo (maiatzaren 12an) eta 'Mezularia' saioaren barruan emitituko da. Gipuzkoakoa (maiatzaren 14an) eta Bizkaikoa (maiatzaren 20an) 'Faktoria' saioan emango dira.

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak guztira sei hauteskunde eztabaida emitituko dituzte elkarrekin. Horietako lau 'Ganbara' saioaren barruan egingo dira, gaueko 22:00etan; eta beste biak larunbat goizean, 'Parlamento en la Ondas' eta 'Alava 7 Días' saioak emititzen diren orduan, goizeko 09:00etan. Hartara, hauxe izango da asmoa: Maiatzaren 12an, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak; maiatzaren 14an, Bizkaiko Batzar Nagusietako hautagaiak; maiatzaren 16an, Gasteizko Udalerako hautagaiak; maiatzaren 19an, Donostiako Udalerako hautagaiak eta maiatzaren 21ean Bilboko Udalerako hautagaiak

Eztabaida hauetaz gain, Radio Vitoriak beste bi eztabaida gehiago egingo ditu Arabako Hautagaiekin, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara. Lehenengoa maiatzaren 20an, Arabako Batzar Nagusietarako hautagaiekin; eta bigarrena maiatzaren 22an, Gasteizko udalerako hautagaiekin.

Interneteko web gune berezia

eitb.eus webguneak hauteskunde kanpainaren jarraipen estua egingo du, egunez egun. EAE, Nafarroa eta Estatuko hauteskunde kanpainaren minutuz minutuko kontakizuna egingo dute egunero, baita egunak utzi dituen eduki nagusienen laburpen kronikak osatu ere. Atari berezian kanpainako ekitaldi nagusien albisteak eta bideoak jasoko dituzte, eta EiTB taldeak eskainiko dituen saio bereziak zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da. Nahieran atalean bilduko dira, halaber, hauteskunde eztabaidak. Duela lau urteko emaitzak ere ikusgai daude aipaturiko atari berezian. Kanpainak sare sozialetan duen presentziak tartea izango du eitb.eus-en.

Hauteskunde gaua

Maiatzaren 24an, eitb.eus-eko lantaldeak hauteskunde gauaren jarraipen berezia egingo du egun horretan. Goizeko 09:00etatik, Iker Gonzalez eta Iker Gomez kazetariek egun horretan gertatzen den guztia minutuz minutu jarraituko dute. EITBko webean emaitzak, grafikoak eta eguneko irudiak ikusgai izango dira.

Bestalde, Euskal Telebistak programa bana egingo du ETB1en eta ETB2n, 20:00ak baino apur bat lehenago hasita. Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dute ETB1eko saioa. ETB2koa, berriz, Africa Baetak, Juan Carlos Etxeberriak eta Estibaliz Ruiz de Azuak.

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak, alde batetik, eta Euskadi Irratiak, bestetik, informazio-irratsaio bereziak eskainiko dituzte, arratsaldeko 19:45ean hasita. Radio Euskadin Dani Alvarezek gidatuko du saioa, Euskadi Irratian Oihane Yustosek eta Radio Vitorian Jesus Barredok.

Saio hauetan guztietan, hauteskundeei buruzko informazioa eta igandeko kirol jardunaldiari eta gainerako gertakizunei buruzko berriak bateratuko dituzte. Alderdi politikoen iritziak jasoko dira, inkesten datuen inguruan eta hauteskundeen emaitza zehatzei buruz. Zuzeneko harreman bideak finkatuko dira alderdi politikoen egoitzekin, datuak biltzeko zentro nagusiarekin eta hausnarketak egingo dira adituekin.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista