telebista
22:45ean
Demode Quartet-en emanaldia, gaur, 'Oholtzan' saioan
A.E.
EiTB
Joli Pascualenak, Mikel de la Fuentek, Iker Huitzik eta David Roscok osatutako laukoteak DQ eta EPA! ikuskizunetako esketx eta abestiak eskainiko ditu.
Gaur, 22:45ean, Demode Quartet taldearen emanaldia eskainiko du ETB1ek 'Oholtzan' saioan. Patxi Barcok zuzentzen duen euskal laukotea Joli Pascualenak, Mikel de la Fuentek, Iker Huitzik eta David Roscok osatzen dute. 2010. urtean sortu zen, a cappella abestuz eta umorea tartekatuz. Euskal Herriko antzokietan eskaini dute ikuskizuna; Donostiako Kursaal jauregian eta Bilboko Arriaga eta Campos Eliseos antzokietan, besteak beste.
Donostiako Zinemaldiko inaugurazio eta amaiera ekitaldietan parte hartu zuen Demode Quartetek 2013. urtean, eta EPA! ikuskizunarekin dabil biran gaur egun.
ETB1ek emango duen ikuskizunean, DQ eta EPA! lanetako esketx eta abesti sorta izango da ikusgai.
Ikuskizuna Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean grabatu zen, martxoaren 13an.