Itxi

telebista

Laburpena

Andeka, Iker, Sergio eta Maixa, final gazi-gozoan

Nagore eta Patxi kanporatuta, eurek biek ordaindu dute talde osoak egindako azpijokoa, grabazio taldekoen janaria lapurtu izana, alegia. Bestetik, Maixak irabazi du banakako lehen immunitate jokoa.

Lau finalistak armak zaintzen dabiltza final handiaren bezperan; gaua, baina, ez da horren gozoa. Andekak, Ikerrek, Sergiok eta Maixak erabakitakoari jarraituz, Nagorek eta Patxik jaso dute ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioan inoiz izan den une itsusienak ekarritako zigorra.

Saioko grabazio taldeak gordeta zuen janaria ostu zuten sei abenturazaleek, final handiaren atarian horrek ekarriko zuenaz jabetu gabe; zailena eginda zutenean, gainera.

Lehenxeago agurtu ziren kapitainak euren taldeetaz eta saioaz. Kortak eta Juanitok burumakur utzi zuten abentura, marmarrean; Manu Maritxalarrek, aldiz, harrokeriaz esan zuen agur.

Final kutsua zuen proba gogorra

Modu horretan abiatu zen bakarkako borroka, final kutsua zuen proba gogorrarekin; Maixak irabazi eta final handirako lehen txartela eskuratu zuen, Andekari erakutsita agian ez dela berak uste zuen bezain indartsua.

Melimoyu sumendiaren ondoko ur-jauzi handiak sei lehiakideen onena utzi zigun, baina baita txarrena ere; izan ere, proba bukatu eta ordu gutxira, ezustean egindako miaketa batek antolakuntzakoen susmoak baieztatu zituen, hau da, sei kideen zorroak janariz beteta zeuden, grabazio taldekoek gordeta zuten janaria lapurtu baitzuten.

Euren akatsaz jakitun, denek zekiten zigorra zentzagarria izango zela; hasteko, Maixak finalerako txartela galdu egin zuen, hura lortzea horrenbeste kostatu ondoren; mutrikuarrak adierazi zuen ez zutela merezi munduaren konkistatzaile izaterik.

Irabaztearren, dena da baleko

Zigorra erabakitzea taldeari zegokion, hau da, lehiakideetako bik ez zuten final handia jokatuko eta taldeak erabaki behar zuen zeintzuk izango ziren bi kide horiek. Zilegi izatetik haratago, baina, irabaztearrean denak balio duela erakutsi zuen beste behin zigorrak.

Harrituta eta traizio egin diotenaren sentsazioaz, Nagorek eta Patxik agur esan zioten abenturari, pazifikotik kilometro pare batera daogen fiordo txiki batean; bien bitartean, Andeka, Iker, Sergio eta Maixa finala handiaren aurretiko afariaz gozatzen ari ziren.

Gaua luzea izango da denentzat, izan ere, ordu gutxi barru euretako batek ikurriña astinduko du Txilen, Ozeano Bareko ur hotzetan, ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioaren hamaikagarren edizioko final handian.