telebista
22:40ean
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, gaur gauean, 'Zuek Hor!' saioan
A.E.
EiTB
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan izan dituzten bitxikeriak eta pasadizoak kontatuko dituzte.
ETBko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko aurkezleak, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, izango dira gaur gaueko gonbidatuak 'Zuek Hor!!'en. Euren saioa bigarren denboraldiaren amaieran dago, eta bertan bizi izan dituzte bitxikeriak eta pasadizoak kontatuko dituzte gaur, 22:40an hasita.
Zuhaitz Gurrutxaga Realean aritutako futbolari ohi elgoibartarra da. Futbola utzi zuenetik bakarrizketetan eta musikan murgilduta ibili da. Gaur egun, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko aurkezlea da Pagadirekin batera.
Mikel Pagadi villabonarra da. ETB1eko 'Wazemank' umore saioan egin zen ezagun, eta ordutik hainbat saiotan aritu izan da bai aktore lanetan, baita aurkezle lanetan ere. Antzerkian ere egin du lan, eta egun Potologuak bakarrizketa formatuko antzezlanarekin dihardu.
Saioa Aitor Gabilondok gidatuko du, baina bertan izango dira, nola ez, Berasategi eta Argiñano, Andoitz eta Gorane haurrak, La Jaio txoni poligonera, Ingalaterrako erregina eta bere seme belarri handia, eta Ritxi Frutti Di Mare eta bere koinatu Joxe Luis. Denen artean, saio umoretsu bat egitea izango dute helburu.
Aitzol Barandiaran bertsolariak borobilduko du saioa. Elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin bertso-bertsio musikatu bat egingo baitu zuzenean, Zukutu Band taldearen laguntzarekin. Saio guztietan zuzeneko musika jartzeaz arduratzen den taldea da Zukutu Band.
Gaur gauean, saskibaloi partidaren ondoren hasiko da 'Zuek Hor!!' ETB1en eta eitb.eus-en!