Itxi

telebista

Estreinaldia

Iñaki Lopez berriro ETB2n, gaur, 'La Caja Negra' saioarekin

A.E.

EiTB

Futbola izango du ardatz saioaren lehen erreportajeak. Nou Camp futbol zelaian larunbatean Athleticen eta Barçaren artean izango den identitate talka ikertu dute bertan.

1:06

Iñaki Lopez ETB2n izango dugu berriro gaur, 'La Caja Negra' erreportaje saioaren sorta berria aurkezten. Aurretik ere arrakasta izan duen formatua berreskuratu du Euskal Telebistak ordutegi nagusian emateko.

Ikerketa lan zehatza du oinarri 'La Caja Negra' saioko atal bakoitzak. Ikerketaren bidez eta ekintzen protagonista izan direnekin, Euskadiko egun-eguneko gai zirraragarrienak aztertuko dituzte. Gai jakin baten inguruko argibideak ematen saiatuko da astero 'La Caja Negra'.

Hartara, lehenik eta behin, Errege Kopako finalean izango den identitate talka ikertu eta aztertuko du programaren lantaldeak. Esku artean, halaber, beste zenbait gai garrantzitsu izango dituzte: eskolan izandako jazarpena dela-eta bere buruaz beste egin duten gazte kopuruaren gorakada; ustez alkohola eta droga nahasteagatik Salamancan hildako gazte donostiarraren kasua, eta Euskadin atentatu jihadista izateko arriskua.

'La Caja Negra' ostegun honetan izango da ikusgai ETB2n, 'Teleberri' albistegiaren ondoren.

Cuando el fútbol no es fútbol erreportajea, ostegunean

Datorren larunbatean (maiatzak 30) Nou Campen izango den identitate talka aztertuko du Iñaki Lopezek 'La Caja Negra' saioko lehen erreportajean. Euskal identitatearen erreferenteetako batek, Athleticek, Barçaren, katalanismoaren kirol erreferentearen, aurka neurtuko ditu indarrak. Hori guztia, Espainiako batasunaren ikur nagusia, Felipe VI.a erregea, kirol ekitaldian buru dela.

Finala gorazarre nazionalista bilakatuko ote da? Futbola oso politizatuta ote dago? Zergatik jokatzen dute euskal futbolariek eurek ordezkatzen ez dituen selekzio batean? Zergatik bilakatu da futbola gorrotoaren garraiobide?

Galdera horien eta beste batzuen erantzunaren bila joko du Iñaki Lopezek hainbat gonbidaturengana. Besteak beste, Eduardo Inda polemista, Javier Clemente entrenatzailea, Jone Goirizelaia abokatua, Tito Irazusta kirol kazetaria, Iñaki Anasagasti senataria, Odon Elorza Donostiako alkate ohia eta Jose Ramon Blazquez komunikazio aholkularia izango ditu solaskide.

Beste ertz batzuk ere ukituko dituzte gaiaren inguruan: esate baterako, Florentino Perezek finala Bernabeun jokatzeari emandako ezetza, eta Gaizka Garitano Eibarko entrenatzailearen haserrea, Almerian, euskaraz hitz egiteagatik kazetari batzuek izandako erreakzio txarraren aurrean. Estatuko beste futbol zelai batzuetan euskaldunen aurka izandako indarkeria agerpenei buruz ere arituko dira. Horrez gain, Atletico Madril taldeko zale batek hil zuen Aitor Zabaleta ere gogoratuko dute.

2009ko eta 2012ko finaleko txistuek berriro liskar historiko bat gerta litekeela iragartzen dute. Zer gertatuko da larunbatean Nou Campen? Erantzunak 'La Caja Negra' saioan, gaur, 22:15etik aurrera, ETB2n.