telebista
22:30ean, ETB2n
Hauteskundeen inguruko esketxekin itzuliko da gaur 'Vaya Semanita'
EITB
Iker Galartza, Asier Hormaza, Miriam Cabeza, Andoni Agirregomezkorta eta Maribel Salas aktoreek, besteak beste, egun-eguneko gai politiko eta sozialen parodia egingo dute.
-
'Vaya Semanita'ko aktoreak
Euskal Telebistak 'Vaya Semanita' saioaren atal berri sorta estreinatuko du gaur, eta astero, Euskadiko gai politiko eta sozial garrantzitsuenak aztertuko dituzte umorez beteriko esketxak eginez.
Pausoka ekoiztetxearen eskutik eta Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean, lau atal hauetan aktore talde bikainak hartuko du parte: besteak beste, Iker Galarza, Asier Hormaza, Miriam Cabeza, Itziar Atienza, Andoni Agirregomezkorta, Humberto Gutierrez, Diego Perez, Leire Ruiz eta Maribel Salas.
Lau atal berri eskainiko dira hilabete osoan zehar, eta lehenengoa, gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, 'Vaya Semanita: Resacón en las Urnas' izenarekin. Lehenengo saio honek maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen emaitzen ondorengo egoera politikoa aztertuko du, betiere, ironia eta umorea oinarri hartuta.
Nekane Amaya ijito abertzalea izango da gaueko protagonistetako bat. Hauteskundeetan herriko alkate aukeratuko dute, eta udaletxeko eginbeharrak azokako lanarekin uztartu beharko ditu.
Horrez gain, politika munduko beste hainbat aurpegi ezagun izango dira saioan. Javier Marotok, adibidez, etorkinei zuzendutako bideoklipa aurkeztuko du, eta Iñaki Perurenak hainbat aholku emango dizkio Rosa Diezi hauteskundeetan izandako porrota gainditzeko. Gloria Serrak eta bere lantaldeak EAJren garaipenaren sekretua zein izan den argituko dute, eta Espainiako errege-erreginek arreta handiz jarraituko dute 'Game of Thrones' telesailaren azken denboraldia.
Halaber, 20 urtez kargu ofizialetan lanean ibili den politikari batek lan merkatura itzultzeko izango dituen gorabehera latzak azalduko dituzte.
Egun-eguneko egoera politikoaren errepaso dibertigarria eskainiko du 'Vaya Semanita' saioak, ostegunero, 22:30ean, ETB2n.