Itxi

telebista

23:15ean

Antisorgailuak hizpide, gaur gauean, 'SexSua' saioan

EITB

Gazteek gehien erabiltzen dituzten antisorgailuak eta horien gainean duten informazioa aztertuko du Jon Gomez Garaik.

Gaurko 'SexSua' saioan antisorgailuak hartuko dituzte hizpide. Datuen arabera, gazteak gero eta gazteago hasten dira sexu-harremanak izaten, eta horrek ETB1eko saioaren arreta deitu du: gero eta gazteago hasi bai, baina gero eta informatuago al dago geure gazteria?

Bide horretan zalantza gehiago sortuko zaizkio Jon Gomez Garairi. Zeintzuk dira gehien erabiltzen diren antisorgailuak? Zein da, gazteen ustez, eraginkorrena? Gainera, Olatz Berastegi sexologoak uste oker baten berri emango dio Joni, askok uste baitu baginako eraztunak, haurdunaldia ez ezik, sexu bidezko gaixotasunak ere ekidin ditzakeela. Uste faltsua da, ordea.

Antisorgailu ohikoena gizonezkoen preserbatiboa da (kondoi femeninoa ere ezagutuko du Jonek), baina horiek ere behar bezala erabiltzen al dakigu? Kaleko jendeak emango dio Joni galdera horren erantzuna.

Amaitzeko, Axi Muniain surflaria elkarrizketatuko du Jonek, eta bere bizitzako hainbat sekretu jarriko ditu agerian gonbidatuak.

'SexSua' gaur izango da ikusgai, 23:15etik aurrera, ETB1en.