telebista
22:30ean
Jihadismoaren mehatxua Euskadin, gaurko 'La Caja Negra'n
EITB
Euskadin atentatu jihadista bat gertatzeko benetako aukerak aztertuko ditu Iñaki Lopezek, eta hemen bizi den komunitate musulmana gertutik ezagutuko du.
Gaurko 'La Caja Negra' saioak Mendebaldearentzat jihadismoa arriskutsua den aztertuko du. Horrez gain, Euskadin atentatu jihadista bat gertatzeko benetako aukerak zein diren azalduko du, honen inguruan alarma piztu zituzten kasu zehatz batzuk aztertuta.
Redouan Bensbih, Barakaldon bizi zen gazte marokoarra, Sirian hil zen. Jihad (gerra santua) egitera joan omen zen Siriara. Iñaki Lopez Redouanen lagunekin arituko da, eta meskitan egongo da. Euskadin erradikalizatu ote zen gazte hori? Euskadiko meskitetan, ba al dago Jihaderako kide berriak bilatzeko arduradunik?
Parisen eta Tunisian gertatutako azkeneko atentatu jihadistak ikusita, gure artean bizi diren komunitate musulmanek aldaketarik nabaritu ote duten aztertuko du osteguneko 'La Caja Negra'k. Islamofobia kasu gehiago izan ote dira azkenaldian? Nolakoa da euskaldunen eta musulmanen arteko harremana?
Terrorismo gaietan adituekin arituko da Iñaki Lopez galdera horien guztien inguruan; Fernando Reinares Elcano Institutuko ikertzailearekin eta Ana Terradillos kazetari eta terrorismoan adituarekin, besteak beste. Horrez gainera, komunitate musulmanen hainbat ordezkarik parte hartuko dute saioan; Ahmen Hanafi Euskadiko Komunitate Islamikoen Elkarteko presidenteak, tartean.
'La Caja Negra' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.