telebista
Estreinaldia
'Grupetto', bizikleta onena sortzea helburu duen saioa, gaur, ETB2n
A.E.
EiTB
Innova Basque Audivisual ekimenaren III. edizioa irabazi zuen Grupo Campus-en proposamena emitituko da gaurtik aurrera.
-
Lucía Martiño surflariak aurkeztuko du saioa
Uztailaren 12an, astero bizikleta pertsonalizaturik onena sortzea ardatz duen 'Grupetto' reality showa estreinatuko du ETB2k.
Hirizikloak denda bilbotarra beste denda/tailer baten aurka lehiatuko da, bezero bati bizikleta pertsonalizatu onena sortzea jokoan dutela. Horretarako bi arau bete beharko dituzte: 1.000 euroko aurrekontua eta astebeteko epea, bizikleta diseinatu eta muntatzeko. Just Eat plataforma, Mondo Sonoro aldizkaria, Fernando Canales sukaldaria eta Josie moda gurua izango dira lehenengo lau bezeroak, eta haietako bakoitzak erabakiko du bere kasuan zein tailer den irabazlea. Lucia Martiño surflariak gidatuko du 'Grupetto' realitya eta tailerra osatzen duten bost kideak izango ditu lagun.
Txirrindularitza urbanoaren inguruko proiektu transmedia da 'Grupetto', Grupo Campus-ena, Nazioartekotzea laguntzeko Eiken-ek abian jarritako Innova Basque Audiovisual ekimenaren hirugarren edizioaren irabazlea. Programa garatzeaz gain, web orrialdea, e-commerce denda eta mugikorrerako aplikazioa era garatu ditu Grupo Campus-ek. Mugikorrerako aplikazioak, programaren eduki eta informazio guztiaz gain, 'Ride the City' jokoa ere badauka. Talde jokoa da, programaren atal bakoitzak protagonista duen hirian bizikletaz egindako kilometro kopurua gehitu eta saritzen duena. Lau partaide izan ditzake gehienez talde bakoitzak, eta kilometro urbano gehien lortzen duen taldeak irabaziko du.
Lau programa ekoitzi eta ETBn emitituko dira. Bartzelonako tailer baten kontra lehiatuko da Hirizikloak denda lehenengo programan; hortik aurrera Vitoria-Gasteizko, Donostiako, Madrileko eta Londresko bizikleta tailerrei egin beharko diete aurre Hirizikloak dendako profesionalek. EiTB, Bizkaiko Diputazioa, BEAZen bitartez, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetza dira Innova Basque Audiovisual laguntzen duten erakundeak.
Euskal ekoizpen berritzaileak bultzatzea eta nazioartekotzea dira Innova Basque Audiovisual ekimenaren helburua. Hartara, euskal ekoizleek aurkeztutako ikus-entzunezko proiektuen artean kanpoko merkatuetan arrakastatsuak izan daitezkeenak aukeratzen ditu nazioarteko epaimahai batek, berauek ekoitzi eta emititzeko. Eiken-en bazkide den Grupo Campus-ek aurkeztutako 'Grupetto' aukeratu zuen garaile Innova Basque Audiovisual-en hirugarren edizioan Armoza-ko Amos Neumann-ek, The Wit-eko Bertrand Villegas-k, Reed Midem-eko Laurine Garaude eta RTE-ko Adrian Lynch-ek osatutako epaimahai internazionalak.
'Grupetto' gaur gauean estreinatuko da, ETB2n.