telebista
Txirrindularitza eta pilota
San Fermin Torneoa, gaur, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Horrez gain, Frantziako Tourreko seigarren etapa eskainiko dute zuzenean; 14:00etan, ETB4n, eta 15:00etatik aurrera, ETB1en.
Gaur, San Fermin Torneoarekin bat egingo dute Euskal Telebistako kamerek, Labrit pilotalekuan egingo den pilota jaialdia eskainiko baitute zuzenean. Hasteko, Arretxe II-Larunbe eta Aritz Lasa-Larrinaga bikoteek jokatuko dute atariko partida, eta Olaizola II-Untoria eta Altuna III-Rezusta aurrez aurre jarriko dira ondoren. Amaitzeko, Idoate-Ladis Galarza eta Retegi Bi-Cecilio bikoteen arteko partida izango da ikusgai. 22:15etik aurrera, Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute emanaldiaren kontakizuna zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Frantziako Tourra, zuzenean
Horrez gain, Frantziako Tourraren seigarren etapa eskainiko du Euskal Telebistak zuzenean. 191,5 kilometroko ibilbidea izango du, Abbevilen hasi eta, kostaldetik 120 kilometro egin ondoren, Le Havrera iritsiko dira txirrindulariak. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak egingo dute emanaldiaren gaineko kontakizuna; 14:00etan, ETB4n, eta 15:00etatik aurrera, ETB1en.