Itxi

telebista

Bilboko jaiak 2015

Bilboko Aste Nagusiari jarraipen berezia, ETBn eta eitb.eus-en

EITB

Jaiei hasiera emango dioten txupinazoa eta Marijaiaren harrera, gaueroko su artifizialak eta jaien amaiera ekitaldia eskainiko ditu Euskal Telebistak, zuzenean.

Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek, abuztuaren 22tik 30era bitartean. Urtero legez, zuzenean eskainiko dira jaiei hasiera emango dien txupinazoa eta Marijaiaren harrera Bilboko Arriaga Antzokian, eta horrez gain, gaueko 'Bilboko Aste Nagusia 2015' saioak, su artifizialak eskainiko ditu egunero, zuzenean. Aste Nagusiari amaiera emango dion 'Agur Marijaia' ekitaldia ere eskainiko dute, abuztuaren 30ean.

Bestalde, datozen bi asteetan hainbat kirol hitzordu garrantzitsu emango dira Bilbon, eta toki nabarmena izango dute programazioa berezian. Besteak beste, Bizkaia pilotalekuan jokatuko den Aste Nagusia pilota torneoa, San Mamesen izango den Athletic-MSK Zilina Europa Leagueko partida, Palako Aste Nagusia Saria eta herri kirolen erakustaldia.

ETBko albistegiek ere gertutik jarraituko dute Bilboko Aste Nagusiaren barruan antolatuko diren ekitaldiak, eta 'Como en casa en ningún sitio' eta 'Sin Ir más lejos' magazinek ere ez dute egun hauetako jai-giroa galdu nahi izango. Bizkaiko hiriburuko jaien eduki guztiak eitb.eus-eko atari berezian egongo dira.

Marijaia 2015

Larunbat arratsaldean. Bilboko Aste Nagusiaren hasiera ekitaldia eskainiko du ETB2k. Zuzen-zuzenean arituko dira Sonia Charcán eta Ander Iribar Radio Euskadiko kazetariak Marijaiari ongietorria ematen, eta 18:15etik aurrera, Arriaga Antzokian abiatuko den jaiari buruzko kontakizuna egingo dute.

Bestalde, Maite Eskarmendi eta Soraya Vegas kazetariak kaleko giroaren berri emango dute. Arriaga Plazara gerturatutako bilbotarrekin egongo dira, euren hitzak eta zirrara jasotzeko. Pregoia, txupinazoa eta Marijaiaren harreraren ostean, Bilbok ekintzez eta kontzertuz betetako bederatzi eguneko jaiari hasiera emango dio ehunka bilbotarren aurrean. ETBko kamerak bertan egongo dira gertatzen den guztiaren berri emateko, eta ekitaldia eitb.eus webgunearen bitartez zuzenean jarraitzeko aukera izango dute erabiltzaileek.

'Bilboko Aste Nagusia 2015'

ETB1ek gainera, 'Bilboko Aste Nagusia 2015' saioa eskainiko du gauero, Agustin Ezenarrok eta Ilaski Serranok aurkeztuta. Larunbatean bertan hasi eta Bilboko Aste Nagusian zehar, Bizkaiko hiriburuan izango den giroaren berri emango du saioak, 22:15etik aurrera. Gauero, XXV Villa de Bilbao Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako ikustaldiak eskainiko ditu saioak zuzenean, egunean zehar emango diren ekitaldien inguruko erreportajeak aurkeztuko ditu eta gonbidatu bereziak ere izango ditu.

Larunbat honetan, Marijaiaren etorrera nolakoa izan den gogoratuko dute, eta horretarako, Martin Barriuso Txomin Barulloko konpartsa kide ezaguna izango dute gonbidatu. Berrizko Ibai Zabala pelotariak ere bisita egingo die aurkezleei, eta horrez gain, 'Txanogorritxu basatia' antzezlanaren protagonistak izango dituzte gonbidatu: Galder Perez aktore eta zuzendaria eta Ylenia Baglietto aktorea hain zuzen.

'Agur Marijaia'

Jaien azkeneko egunean, abuztuak 30, igandean, Marijaiari agur esango dio Euskal Telebistak zuzenean, 22:20etik aurrera. Bederatzi eguneko jaiei amaiera jarriko dion ekitaldia eskainiko dute Agustin Ezenarrok eta Ilaski Serranok.

Kirol emanaldiak

ETBk tarte berezia eskainiko die datozen asteetan Bilbon egingo diren kirol lehiaketei. Hitzordu nagusia Aste Nagusia pilota Torneoa izango dugu, eta ETB1ek eta eitb.eus-en zuzenean eskainiko dituzte Bizkaia pilotalekuan jokatuko diren finalerdiak (abuztuak 26 eta 27) eta abuztuaren 29ko finala. Emanaldi guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.

Horrez gain, abuztuak 27an, ostegunean, San Mamesen jokatuko den Athletic-MSK Zilina Europa Leagueko itzuliko partida eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean, arratsaldeko 20:45etik aurrera.

Bestalde, Palako Aste Nagusia sariko finala abuztuak 29an eskainiko du ETB4k, 13:00etan, eta horrez gain, Aste Nagusiaren barruan egindako herri kirolen erakustaldia ere izango da ikusgai, abuztuaren 30ean, 16:00etan, ETB1en.

eitb.eus

Bilboko Aste Nagusiko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera izango da EiTBko webgune berezian. Bertan bilduko dira 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, eta 'Como En Casa En Ningún Sitio' eta 'Sin Ir Más Lejos' saioetan egingo dituzten erreportaje eta eduki bereziak.