Itxi

telebista

Gaur, Itxiera Gala

ETB, Gasteizko FesTValen

EITB

'Safari Wazungu' realitya estreinatu eta 'Sorgintxulo'k ikuskizun berezia ekaintzeaz gainera, 'Eguraldia'k FesTVal saria jasoko du eta EiTB sari bereziak Pello Sarasolaren ibilbidea nabarmenduko du.

Urtero legez, Euskal Telebistak Gasteizko FesTValen parte hartuko du. Irailaren 1etik gaur arte, Estatu mailako telebista kateek denboraldi berriko nobedadeak aurkeztuko dituzte Arabako hiriburuan. Euskal Telebistari dagokionez, batetik, 'Safari Wazungu' abentura realitya, ETB2ren apustu handienetakoa, aurkeztuko dute ostiral honetan, eta, bestetik, 'Sorgintxulo' umeentzako saioaren ikuskizun berezia eskaini zuen asteazkenean. Horrez gain, Eikenen hirugarren Talent Day jardunaldian parte hartu zuen ostegunean.

Gaur, Itxiera Galako sari banaketan, 'Eguraldia' saioak FesTValen sari berezia jasoko du, ETBko saio adierazgarri moduan. Bestalde, EiTBk urtero ematen duen sariak hil berri den Pello Sarasola ETBko zuzendari ohiaren ibilbidea nabarmenduko du.

Itxiera Gala eta sari banaketa

Gaur gaueko Itxiera Galan, Euskal Telebistako hainbat aurpegi ezagun izango dira; besteak beste, 'Vaya Semanita', 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Gu ta Gutarrak', 'Tu al Norte y Yo al Sur' eta 'Todos los Apellidos Vascos' saioen ordezkariak.

Bertan banatuko diren sarien artean, ETBko 'Eguraldia' saioak FesTValeko sari berezia jasoko du, egindako ibilbideagatik eta ikus-entzuleen artean jasotako babesarengatik. Ana Urrutia, Urko Aristi, June Ansoleaga eta Onintze Salazar lankideek hartuko dute saria.

Bestalde, EiTBk urtero banatzen duen saria aurtengo udan agur esan digun Pello Sarasolarentzat izango da. Sarasolak telebistari lotutako ibilbide bikaina osatu zuen Euskal Telebistan eta Antena3n izandako ardura eta zuzendaritza postuetan. Aurreko urteetan, telebista munduko beste bi profesional handi nabarmendu ditu EiTBk: Karra Elejalde eta Maribi Bilbao.

'Safari Wazungu' saioaren estreinaldia

Ostiral honetan, hilak 4, Euskal Telebistak 'Safari Wazungu' abentura realitya aurkeztu zuen, hurrengo denboraldirako apustu handia. 11:30ean, Gasteizko Plaza Berrian, saioaren ezaugarri eta xehetasun guztiak azaldu zituzten Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta saioaren lantaldeko kideek. Gotzon Mantuliz aurkezlea eta lehiakideak ere bertan izan ziren. Prentsaurrekoaren aurretik, umeentzako eskulan tailerrak eskaini ziren, eta txikienek maskara eta ezkutu afrikarrak egiteko aukera izan zituzten. Aurkezpenari amaiera emateko, Afriki elkarteak dantza afrikarren ikuskizuna eskaini zuen. Arratsaldean, berriz, saioaren estreinaldia izan zen, Principal Antzokian.

Afrika aukeratu du Hostoil ekoiztetxeak road movie berezi hau grabatzeko, eta Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren irabazleetako bat izango da aurkezlea. Honelako bidaietako gidari profesionala da Mantuliz, eta, gainera, Afrikako gidari talde baten laguntza izango du.

Zortzi lagunek, gure inguruko pertsonaia ezagunak, safaria egingo dute Afrikan zehar, abenturan aurkitzen dituzten ezustekoei aurre eginez. Helburua argi dago: esploratzaile onena aurkitzea.

'Sorgintxulo' ikuskizuna

Etxeko txikienek 'Sorgintxulo' saioaren aurkezleak ezagutzeko aukera izan zuten asteazkenean. Zuri sorginak, Tor Magoak eta Gorritxo galtzagorriak ikuskizun paregabea eskaini zuten Principal Antzokian. Umorea eta magia uztartu zituen ekitaldiak, 'Sorgintxulo' saioaren eta 'Blackie and Company' marrazki bizidunetako telesailaren emanaldiek osatu zituzten.

Ume eta gaztetxoentzako eduki moderno eta erakargarriak eskainiko ditu egunero 'Sorgintxulo' saioak, eta marrazki bizidunen eskaintza zabala izango du. Hiru pertsonaia dira saioaren gidariak, zein baino zein xelebreagoa: Zuri sorgina alaia, zuzena eta gozoa da; Tor Magoa apur bat baldarra da, baina denetarik daki; eta Gorritxo galtzagorri jostalari eta bihurriak etxeko txikienak bereganatuko ditu.

Eikenen hirugarren Talent Day jardunaldia

Bestalde, ostegunean, Eikenen hirugarren Talent Day jardunaldia egin zen. Talentua sustatzeko helburua du, EikenTALENT ekimenaren lana eta talentuen bankua abiapuntu hartuta. Zortzigarren edizioko finalisten pitching bat eta aurtengo irabazlearen aurrerapen bat eskaini zituen.

Hirugarren Talent Day hau Europa Biltzar Jauregian egin zen, eta esparru honetako profesionalak izan zituen protagonista, baita EiTBko eta erakundeetako ordezkariak ere.