telebista
Audientzia
'Teleberri'k lidergoari eutsi dio abuztuan
EiTB
Kirol emanaldiak eta jaien emanaldi bereziak nabarmendu dira ETB1en, eta 'La Noche de...' eta 'A ver si no llueve' saioek audientzien babesa jaso dute ETB2n.
Euskal Telebistako albistegiek euren nagusitasuna sendotu dute abuztuan. 'Gaur Egun'ek eta 'Teleberri'k audientziaren babes zabala izaten jarraitu dute, eta %21,8ko audientzia zatiarekin itxi dute hilabetea. Euskal ikus-entzuleentzako lehenengo aukera dira eguneko albisteak jarraitzerako orduan.
'Teleberri' albistegia liderra da Euskadin eta nagusitasun horri eutsi dio azkeneko 35 hilabeteetan. %18,5eko audientzia zatia eta 167.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu abuztuan. Nabarmentzekoa da gainera, albistegiaren lehenengo edizioak lortutako datua: %21,5eko kuota eta 174.000 ikus-entzule bereganatu ditu hilabete honetan.
'Gaur Egun'ek bestalde, %3,3ko audientzia zatiarekin itxi du hilabetea, eta %7,1eko audientzia lortu du euskaldunen artean.
Kirol emanaldiak
Kirol emanaldiek arrakasta handia izan dute ETB1eko udako programazioan. Alde batetik, aipagarriak dira bai emakumezkoen Euskotren liga zein gizonezkoen San Miguel ligako estropaden zuzeneko emanaldiek lortutako babesa. Emanaldiok bataz beste, euskaldunen %17,5eko audientzia zatia lortu dute abuztuan, eta 83.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu dute Euskadin eta eragin eremuan.
Bestalde, Athleticek Europa League-an jokatutako partiden emanaldiek arrakasta handia izan dute. Bereziki, MSK Zilina taldearen kontrako lehiaketa kontinentalaren itzuliko partidak, ETB1eko abuztuko emanaldirik ikusiena izan baitzen: %27,1eko audientzia zatia lortu zuen eta 394.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan. Halaber, Athletic-en Superkoparen garaipenen ospakizunak gertutik jarraitu zituzten saio bereziek ere audientziaren harrera oso ona izan zuten eta 158.000 ikus-entzule lortu zituzten TB1en.
Jaietako emanaldi bereziak
Ilaski Serranok eta Agustin Ezenarrok aurkeztutako saio bereziek Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietako su artifizialak eskaini dituzte gauero zuzenean, ETB1en.
'Donostiako Aste Nagusia 2015' saioak euskaldunen artean %6,1eko audientzia zatia lortu zuen eta 89.000 ikus-entzule.
Bilboko jaien inguruko eguneroko saioak berriz, euskaldunen %6,5eko audientzia zatia izan zuen eta 110.000 ikus.entzule. Horrez gain, aipagarria da 'Agur Marijaia!' Aste Nagusiaren amaiera ekitaldia eskaini zuen saio bereziak izandako harrera ona: %6,3ko audientzia zatia izan zuen euskaldunen artean, eta 104.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
Halaber, Gasteiz eta Bilboko jaiei hasiera eman zioten txupinazoen zuzeneko emanaldiek, euren ordu tartean audientzia buru izan ziren ETB2n. Gasteizko txupinazoak %17,3ko audientzia zatia eta 165.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen, eta Zeledonen jaitsieraren momentuak, %22,6ko audientzia lortu zuen. Bilboko txupinazoak bere aldetik, %18ko kuota eta 198.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zituen.
'A ver si no llueve' eta 'La Noche de...' ETB2n
Felix Linaresek aurkeztutako 'La Noche de...' saioak astearteko ordutegi nagusian bere tokiari eutsi dio. %10,7ko audientzia zatia eta 180.000 ikus-entzulerekin itxi du hilabetea, eta emanaldien artean, La mirada del amor filmaren aurkezpena izan zen saiorik ikusiena, %12.5eko zatia eta 173.000 ikus-entzule bereganatuz.
Udako berrikuntzen artean, 'A ver si no llueve' saio berria nabarmendu da abuztuan. Igandero, euskaldunak oporrak non igarotzen dituzten azaldu du saioak eta audientziaren babesa jaso du. Saioak %8,9ko audientzia zatia eta 235.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu.