Itxi

telebista

ETB2

'Safari Wazungu' aurkeztu du ETBk FesTValen

A.A.

EiTB

Gasteizen egiten ari den telebista jaialdiaren barruan aurkeztu da ETB2ko apustua, Gotzon Mantuliz eta zortzi esploratzaileekin.

1:24

ETBk 'Safari Wazungu' Afrikan grabatutako reality berria aurkeztu du ostiral honetan, Gasteizen ospatzen ari den FesTValen barruan. ETB2rako apustu honen aurkezlea Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko irabazlea izango da. Saioa hilaren 13an estreinatuko da ETB2n, ordutegi nagusian.

Zortzi pertsonaia berezik safaria egingo dute Afrikan zehar, abenturan aurkitzen dituzten ezustekoei aurre eginez. Helburua esploratzaile onena aurkitzea izango da.

Ramón Roteta sukaldariak, Eduardo Iturralde Gonzalez epaile ohiak eta Virginia Berasategi triatletak parte hartuko dute txango honetan, eta horrelako saioetan esperientzia handiagoa duten beste lagun batzuk izango dituzte eurekin batera: Coman Mitogo, Yong Li euskal txinatarra eta Begoña Alonso modeloa. Yogurinha Borova transformistak eta Arantza Garzes aurkezleak osatuko dute taldea.

'Wazungu' noraezean ibiltzen ziren azal zuriko esploratzaileei deitzen zieten bantuek XVIII. mendean. Gaur egun, bertakoek hitz hori oihukatzen dute atzerritarren safari bat ikusten dutenean.

'Safari Wazungu' saioan, elkarbizitza eta lehiakortasuna jarriko dira jokoan. Lehiakideek saio bakoitzean erronka ezberdinak gainditu beharko dituzte. Livingston esploratzailearen modura, salakot kapela janztea nork merezi duen erakutsi beharko dute.

Espedizioaren burua Gotzon Mantuliz izango da. 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren bosgarren edizioaren irabazlea da Mantuliz, eta inguru horiek ondo ezagutzen ditu, gidari gisa lan egiten baitu.

Lehen saioan, safaria Namib (Namibia) desertuan hasiko da, laranja koloreko duna ikusgarrien artean. Hainbat jardunaldiren ondoren, iparraldera joango dira, Himba eta Sanen lurrak zeharkatuz, Okawangoko bide ederrari jarraituz, Botswanan sartu eta Zimbabwen amaitzeko. Kontraste ugariz beteriko hiru lurralde dira, eta denetariko erronkak egin ahal izango dituzte lehiakideek bertan. Afrika bete-betean biziko dute. Tribuetan murgildu eta animalia basatietatik gertu ibiliko dira.

'Safari Wazungu'rekin, Hostoil Produkzioak ekoiztetxeak ('El Conquistador del Fin del Mundo', 'El Conquistador del Aconcagua' eta '101 Gaztelu') muturreko abentura sorta berritu du. Afrikan barrena eramango gaituen bidaia honetan, esploratzaileek euren alderik onena eta txarrena erakutsiko dute eguneroko elkarbizitzan. Dena den, inoiz ez da umorerik faltako saioan.