Itxi

telebista

22:25ean

'Baskoniako Historia Bat' telesaila estreinatuko du gaur ETB1ek

EITB

Alberto Santana historialariaren eta Josu Venero errealizadorearen zuzendaritzapean, ikuspegi kritikoarekin azalduko ditu telesailak Euskal Herriaren historiaren hainbat gertakari garrantzitsu.

1:35

'Baskoniako Historia Bat' telesail berria estreinatuko du ETB1ek gaur, 22:25ean. Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du saioak, eta gertakariak azaltzeko modu berritzaile honek harrituta utziko ditu ikus-entzuleak.

Josu Venerok errealizatu eta Alberto Santana historialariak zuzendu eta gidatutako lan honek ikerketa eta aurkikuntzaren munduan barrena bidaia erakargarria egingo du. Zehaztasun historiko zorrotzarekin, iraganeko gertakari nagusien agertoki eta protagonistak gogoratuko ditu, historiaurretik hasi eta gaur egunera arte.

Egin berri diren ikerketak hizpide hartuta, topiko eta gehiengoen sinesmenen inguruko eztabaida irekiari helduko dio saioak. Kondairak desmitifikatu eta gure iraganeko hainbat gertakari ilun argituko ditu.

Telesaila egiteko, alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izan dute, jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak emateko. Bestalde, gure lurraldeko irudi ikusgarriek jantziko dute gure historiaren kontakizun hau.

Iaz ETBk Zinemaldian aurkeztu zuen Baskoniako historia bat: euskalduntze berantiarra dokumentala da telesailaren jatorria. Haren ildoari jarraituz, ikuspuntu zientifikoarekin aztertuko ditu gure historiako gertakari nagusienak. Signo Digitalek eta ETBk ekoitzitako lana da, eta Euskaltelen babesa izan du.

Gure historia errepasatuko duten 13 atal

'Baskoniako Historia Bat' saioak denboran zehar bidaia harrigarria proposatuko digu 13 ataletan. Kobazuloetako bizitzatik eta Baskoniako antzinako herrien ohitura eta bizimodutik abiatuta egingo du kontakizuna. Besteak beste, lehenengo hirien sorrera, foruen eraketa eta Europako iraultzen indarra aztertuko ditu, Euskal Herriko mugetatik harago bidaiatuz.

Genetika eta arkeologia aurkikuntza berrietan oinarrituta, euskaldunen jatorriaren inguruko zalantzak argitzen saiatuko da, eta hainbat galdera egingo ditu antzinako euskaldunen bizitzaz eta talde izaeraz.

Bestalde, Paleolito garaiko kobazuloetan topatu berri diren margoen eta analisirako teknika berrien bitartez, gure lurraldeko lehenengo biztanle modernoen gaineko hainbat datu argituko ditu.

Erromanizazio aurreko eta ondorengo euskal gizartea eta kristau arokoa nolakoa zen azalduko du, eta lehenengo hirien sorreraren lekuko izango da. Horrez gain, Europako hizkuntza zaharrenaren, hots, euskararen jatorri eta hedapena aztertuko du.

VIII. mendean, musulmanen inbasioaren ondorioz, gure lurraldean sortu ziren lehenengo dinastia kristauen sorrera ekarriko du gogora. Europatik Santiagora zihoazen erromesei Pirinioetako bidea ireki zitzaien garaia ere bai. Erromes haiek euskaldunak basatiak eta izugarriak zirela azaltzen zuten euren idatzietan. Gainera, euskal sorginkeriaren mitoak edo errealitateak sakon aztertuko ditu.

'Baskoniako Historia Bat' saioak Erdi Aro amaierako familia-talde handien arteko gudei eta Nafarroako Erresumaren azken erresistentzia ekintzei ere egingo die tartea. Halaber, gure historiako gertakari garrantzitsuak ekarriko ditu gogora, hala nola, Bizkaiko Foru Berriaren eraketa (lehenengo pribilegioak ahalbidetu zituena) eta Gerra Karlistak.

Frantziako Iraultzara ere eramango gaitu, bertan parte hartu zuten euskaldunen berri emanez. Eta amaitzeko, euskal kostaldera uda pasatzera etortzen ziren Europako aristokraten joera aztertuko du. Moda hark ekarri zuen egungo turismoaren sorrera eta gure kostaldeko herrien bilakaera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista