telebista
Dokumentala, 22:25ean
'Euskadi 50eko hamarkada. Zenbat aldatu garen!', gaur gauean, ETB1en
EITB
Euskadi 50eko hamarkada. Zenbat aldatu garen! dokumentalak, pertsona anonimoen testigantzak ardatz hartuta, garai hartako bizimodua azalduko du.
Nola aldatu da Euskadi azkeneko 60 urtetan? Nola aldatu da gure herrialdea? Eta nola bertan bizi izan diren pertsonak? Galdera guzti hauei erantzuna bilatzen ahaleginduko da gaurko Euskadi 50eko hamarkada. Zenbat aldatu garen! dokumentala. Pertsona anonimoen testigantzak oinarri hartuta, garai hartako egun eguneko bizitza nolakoa zen azalduko du saioak.
Izan ere, nahiz eta Gerrate Zibilaren eta 60ko eta 70eko hamarkadetako bizimoduaren inguruko hainbat pelikula eta telesail ekoiztu izan diren, 50eko hamarkadak ez du protagonismo handirik izan. Gainera, 50ko urteak glamour eta luxuzko urteak izan ziren munduko beste hainbat lurraldeetan. Euskadin eta Estatuan ordea, garai iluna izan zen, Francoren diktadurak oso estu kontrolatzen baitzituen herritarren mugimenduak.
Hala ere, urte hauetan hainbat mugimendu garrantzitsu sortu ziren, besteak beste, langileen mugimenduak. Greba txikiekin bat egiten hasi ziren, eta lan mundua kontrolatzen zuen sindikatu bertikaletik at aldarrikapenak egiten hasi ziren.
Lehenengo pertsonan azaldutako istorioak ardatz hartuta, garai hartan bizi izan ziren emakume ta gizonezkoen oroitzapenak piztea du helburu dokumentalak, eta gainera, urte hauek bizi izan ez zituzten ikus-entzuleen interesa piztu nahi izango du, askorentzat ezezagunak izango diren gaiak jorratuz.
Testigantzak ez ezik, argazki eta irudi pertsonalak, eta filmotekako ikus-entzunezko materiala erabiliko ditu dokumentalak. Horrez gain, ETB1ek laster estreinatuko duen 'Aitaren Etxea' telesailaren hainbat irudi ere erabiliko ditu, 50eko hamarkadan girotutako saioa da.
Euskadi 50eko hamarkada. Zenbat aldatu garen! gaur izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB1en.
rong>