telebista
ETB1en eta ETB2n
'EiTB Kultura Transit' saioaren denboraldi berria, gaur gauean
EITB
Zinemaldian estreinatuko diren film euskaldunak azalduko ditu eta aurtengo Zinemira saria jasoko duen Karmele Soler makillatzailearekin izango dira lehenengo atalean.
Gaur hasiko da ETB1en eta ETB2n 'EiTB Kultura Transit' saioaren denboraldi berria. Zinemaldira begira jarriko da lehenengo atala, eta Donostiako zine jaialdian izango diren sarituak eta estreinaldiak errepasatuko ditu.
Aurtengo Zinemira saria Karmele Soler makillatzaile donostiarrarentzat izango da. 54 pelikuletan parte hartu du bere ibilbidean zehar, eta besteak beste, Iciar Bollain, Julio Medem, Manuel Gutierrez Aragon, Imanol Uribe eta Pedro Almodovar zinegileekin lan egin du. Karmele Soler 'EiTB Kutlura' saioaren kameren aurrean arituko da bere lanaz solasean.
Horrez gain, 'EiTB Kultura Transit' saioak Zinemaldian estreinatuko diren euskal ekoizpenak errepasatuko ditu: Un otoño sin Berlín, Pikadero, Walls (Muros) eta Amama.
Asier Altunak zuzendutako Amama pelikula sekzio ofizialean aurkeztuko dute. Ikus-entzuleak landa-inguruneetako bizimoduan murgilduko dituen fikziozko istorioa proposatzen du zinegile gipuzkoarrak.
Lara Izagirre zuzendari bizkaitar gazteak, bere aldetik, Un otoño sin Berlin filma aurkeztuko du, elkartze eta komunikazio moduen inguruko drama erromantikoa.
Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak Walls (Muros) film dokumentala dakarte. Hormek lur zati bat banatzen duten tokietara bidaiatu dira bi zinegileak, hormaren alde bateko eta beste aldeko pertsonekin hitz egiteko.
Ben Sharrock eskoziarrak Pikadero pelikula estreinatuko du euskaraz. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira umore britainiarrez jositako euskal ekoizpen honen protagonistak.
'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.
/p>