Itxi

telebista

ETB-REN ESKUTIK

Bilbo Kantuan jaialdia egingo da gaur, Euskalduna Jauregian

A.E.

EiTB

Euskal abesti ezagunak eskainiko dituzte, Xabier Euzkitze eta Zuriñe Hidalgo aurkezleekin batera, Alex Sarduik, Korrontziko Agus Barandiaranek eta Biotz Alai abesbatzak, besteak beste.

0:21

Bilbo Kantuan betiko euskal kantaz osatutako jaialdia izango da ikusgai Bilboko Euskalduna Jauregian gaur, hilak 26, Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Euskal Telebistak eta Angel Mariezkurrenak antolatutako jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Euskal musika zabaltzea eta ikusleen parte-hartzea bultzatzea da Bilbon aurkeztu duten jaialdiaren asmoa. Aurkezpenean, besteak beste, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua, Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Angel Mariezkurrena jaialdiaren sustatzailea, Zuriñe Hidalgo eta Xabier Euzkitze saioaren aurkezleak, Korrontziko Agus Barandiaran eta Biotz Alai abesbatzeko eta Andra Mari dantza taldeko ordezkariak izan dira.

Abeslari, musikari, abesbatza eta dantzari, ezagunak igoko dira oholtzara hilaren 26an, 20:00etan. Aurkezleek ere abestuko dute, eta horiekin batera, Alex Sardui, Laura Latienda, Korrontziko Agus Barandiaran, Jaione Olazabal, Bilboko Koral Elkarteko haur abesbatza, Andra Mari dantza-taldea, Biotz Alai abesbatza eta Doneztebe eta Leitzako dantzariak arituko dira Euskaldunako emanaldian.

Hogeitabost saiotik gora izango dira emanaldian, eta, besteak beste, 'Poeta kaxkarra', 'Baldorba', 'Xalbadorren heriotzean', 'Lau teilatu', 'Antoni eta Anton', 'Prima eijerra' eta 'Furra-furra' entzun ahal izango dira.

Bilbo Kantuan ikusteko sarrerak Euskaldunako leihatilan, Kutxabanken kutxa automatikoetan eta sarean eskura daitezke, eta 12 eta 25 euro arteko prezioan daude salgai. ETBk, halaber, datozen hilabeteetan eskainiko du jaialdia bere lehen katean.

Bilbo Kantuan ez da gisa honetara egiten den lehen ekitaldia. Aurretik, 2013an eta 2014an, Iruñea Kantuan egin zen Baluarten, eta oso harrera ona izan zuen. Aurten, Bilbon ez ezik, urriaren 12an, Baluarten, Iruñea Kantuan eta, azaroaren 14an, Kursaalen, Donostia Kantuan ere antolatuko ditu Euskal Telebistak Angel Mariezkurrenaren laguntzaz.