Itxi

telebista

Gaur, 22:25ean, ETB1en

'Gernika batailoia, askatasunaren ametsa (1945-2015)' dokumentala ETBn

EITB

Gernika batailoian borrokatu ziren gudariei egindako omenaldiarekin bat egin du Euskal Telebistak ETB1en eta ETB2n estreinatuko duen dokumentala.

2:06

Gernika batailoian borrokatu ziren gizonei egindako omenaldiekin bat eginez, Gernika batailoia, askatasunaren ametsa (1945–2015) dokumentala estreinatu dute Gernika-Lumon. Euskal Telebistak gaur, urriaren 8an, eskainiko du filma ETB1en, eta datorren asteartean, urriaren 13an, izango da ikusgai ETB2n.

Gernika batailoia, askatasun itxaropena (1945–2015) dokumentalak ikurrina airean zeramala faxismoaren kontra eta aliatuen alde borrokatu zen euskal unitate militarraren historia kontatzen du. Gudarien eta familiarren testigantzak, historialarien analisiak eta borrokak berregiteko fikziozko irudiak batu dituzte lan honetan, aurrez ikusi ez den artxiboko materiala eta efektu bereziak erabiliz.

Hogei lagunetik gora elkarrizketatu dituzte lan hau egiteko, eta Francisco Perez eta Jose Ramon Aranberria laurogeita hamar urteko gudarien testigantzak dira nagusi horien artean. Horiez gainera, gudarien senitartekoek, Carnot brigadako soldaduek, Memoria berreskuratzeko elkarteetako kideek, hainbat historialarik (Iñaki Goiogana, Juan Carlos Jimenez de Aberasturi, Jean Claude Larronde, Jean Paul Lescorce eta Iñaki Fernández), mugako bi aldeetako erakundeetako arduradunek eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartu dute parte dokumentalean.

Iban Gonzalez Pagalday (Un viaje al horror eta Goazen gudari danok!) da filmaren zuzendaria, eta Franck Dolosor ETBko Baionako korrespontsalarekin batera idatzi du istorioa. Euskadi eta Frantziaren arteko koprodukzioa da, eta Baleuko euskal ekoiztetxeak, Mara Films frantziarrak, Euskaltelek eta ETBk egin dute.

Sinopsia

Kontakizuna 2015eko apirilean hasten da, 70 urte lehenago Ponte Graveko guduan Frantziako Medoc eskualdea, Bordele askatatzeko gune estrategikoa, naziengandik askatzen lagundu zutenei egindako omenaldian.

Hori da abiapuntua, baina historia askoz lehenago hasten da, etxean, Euskal Herrian, Gerra Zibilean. Gerra galduta, Eusko Jaurlaritzak eta milaka euskaldunek erbestera ihes egin behar izan zuten, baina han gerra berbera topatu zuten, faxismoaren aurkakoa, askoz maila handiagoan, ordea: bigarren mundu gerra. Gernika batailoia osatu zuten gizonek Errepublikatik hona Euskal Herriaren bizi ibilbidea berreraiki zuten, Gerra Zibiletik eta erbestetik pasatu, eta Bordeleko askapenaren zorion egunetaraino.

Baina faxismoari militarki aurre egin zion Gernika batailoiaren jokaera ez zen ekintza isolatu bat izan. Agirre lehendakaria buru zuen gobernuak ekimen ugari bultzatu zituen erbestean: diplomazia, espioitza, pertsonen erreskatea…  Aliatuen babesa bilatzen aritu zen, Francoren erorketa eta etxera itzultzea prestatzeko. Hura zen 'askatasun itxaropena', hura benetako borroka, dokumentalean agertzen diren eta bizirik dauden bi gudarietako batek, laurogeita hamar urte bete dituen Francisco Perezek, bere bizi esperientzia lekuko, hunkituta azaldu duenez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista