telebista
20:15ean
David de Jorge ETB2ra itzuliko da, gaur, 'Robin Food' saioarekin
EITB
'Robin Food' saio berritua egunero izango da ikusgai ETB2n, 'Teleberri' albistegiaren iluntzeko edizioaren aurretik.
David de Jorge sukaldaria Euskal Telebistara itzuliko da gaur. Berrikuntzak izango dituen arren, 'Robin Food' saioak bere nortasunaren ezaugarriei eutsiko die: sukaldaritza, entretenimendua eta umore ona. Ikus-entzuleek arratsaldero izango dute sukaldari hondarribiarrarekin hitzordua, astelehenetik ostiralera, 'Teleberri' albistegiaren iluntzeko edizioaren aurretik.
Erraz egin daitezkeen errezetak, bertakoak eta freskoak azalduko ditu David de Jorgek erronka berri honetan. Konplexurik gabeko sukaldea eskainiko duen saioa izan da beti 'Robin Food', eta, umore onez, edonork sukaldean egiteko moduko jakiak prestatzen jarraituko du. David de Jorgeren nortasun baikor eta alaiak ikus-entzuleen jateko gogoa piztuko du egunero, sukaldean naturaltasunaren usaina galdu gabe.
Erritmo handiko formatu dinamikoa
Erritmo handiko formatu dinamikoa izango du 'Robin Food' saio berriak, eta David de Jorgek prestatuko dituen bi errezeta izango dira saioaren oinarrian. Martin Berasategui sukaldari ospetsuaren parte hartzea ere ez da faltako, ezta saioaren ikur bilakatu den Guarrindongadas atala ere.
Berrikuntza moduan, David de Jorge kalean ere ikusiko dugu, sukaldera bueltan eramango duten egun-eguneko egoeratan. Besteak beste, erosketak egingo ditu merkatuan, pintxotan ibiliko da, kirola egitera joango da, osagai berrien bila abiatuko da, eta pertsonaia eta egoera bereziekin egingo du topo. Betiere, bere inguru eta bizitzeko moduari lotutako egoerak izango dira.
Horrez gain, sare sozialek leku nabarmena izango dute ikus-entzuleen partaidetza errazteko helburuz. David de Jorgek bere jarraitzaileek bidaltzen dizkioten mezuak, errezetak eta bitxikeriak kontatuko ditu saioan zehar.
Lehenengo saioak
Lehenengo aste hauetan, disko denda batera eramango ditu David de Jorgek ikus-entzuleak, eta bertan gustuko duen musikari buruz arituko da. Horrez gain, bere errezetak egiteko osagai berriak aurkituko ditu jatetxe japoniar batean, eta goizeroko ibilaldietan, Hondarribiako txokorik gustukoenak erakutsiko ditu.
Guarrindongadak saioaren funtsezko atala izaten jarraituko dute, baina denboraldi honetan, kalera eramango dituzte, Hau da, Davidek jasoko dituen poposamenak burutuko ditu eta dastatzera animatuko du kaleko jendea.
Horrez gain, Martin Berasateguik bere zazpì izarreko sukaldea hurbilduko du. Gazta eta belarrekin egindako edateko krema dastagarria egiten erakutsiko du, fruta mota ezberdinekin izozki originalak egingo ditu, eta primerako maionesa errezeta azalduko du. Goi mailako sukaldaritzan erabiltzen diren trikimailuak aireratuko ditu, edari sofistikatuak egin eta denen gustuko jakiak prestatuko ditu.
Gernikako azkeneko astelehena
David de Jorgek ez du urriko azkeneko astelehenean Gernikan ospatuko den Azokan hutsik egingo, eta 'Robin Food' saio berria aurkeztera joango da.
Goizeko 09:00etan hasi eta azokako saltokiak bisitatuko ditu, saltzaile eta erosleekin egongo da, eta bere programako errezetak prestatzeko osagai freskoak erosiko ditu, azokan sortuko den giro ezinhobean murgilduta.
Ondoren, Gernikako Pablo Picasso kalean kokatuko den set-ean aurkeztuko dute ETB2ko saio berria, David de Jorge sukaldariak eta Edu Barinaga ETBko zuzendariak, goizeko 10:00etan.
Gaurtik aurrera, ez galdu 'Robin Food', 20:15etik aurrera, ETB2n.