telebista
22:30ean
'El triángulo de la muerte' dokumentala, gauean, ETB2n
Eskuin muturreko talde batek Francoren heriotzaren ondotik, Astigarraga eta Andoain artean, 'heriotzaren triangelua' deritzonean egindako hilketak oroituko ditu lan honek.
El triángulo de la muerte dokumentala izango da ikusgai gaur ETB2n, 22:30ean. Lan honek Franko hil ondoren, Andoain eta Astigarraga artean, 'heriotzaren triangelua' deitu zitzaion lekuan eskuin muturrak egindako hilketak gogora ekarri nahi ditu. Tira-Bira Produkzioak ekoitzitako dokumentala Imanol Laburuk eta Jose Mari Salinasek ekoitzi dute.
Franco diktadorea hil ondorengo urte istilutsuetan (era guztietako mobilizazio, protesta eta atentatuen garaia izan ziren), eskuin-muturreko hainbat talde bereziki nabarmendu ziren. Mehatxu, jipoi eta hilketen bitartez, gogor jo zuten langile, ikasle eta ezkerreko mugimenduen aurka. Bistan denez, trantsizioa ez zen maldarik gabeko garaia izan, batzuek hala sinestarazi nahi badute ere.
Hasiera batean, Triple A taldeak eta ondoren Batallon Vasco Español izenez aldarrikatu zituzten hilketak. Espainiako eskuin-muturreko talde hark herritarrengan izua zabaltzerainoko estrategia itsua baliatu zuen. Horretarako, eremu geografiko zehatza eta murritza aukeratu zuten, Andoaindik Astigarragara bitartekoa, eta herritarrak hiltzen hasi ziren, gauak babestuta eta orduko 'heriotzaren triangelua' zeritzonean. Agintarien aurrean erantzukizunik ez zutela izango bazekiten. Zortzi hilketa izan ziren, horietako lau herri berean eta zazpi hilabeteko epe laburrean. Horrek erakusten du estrategia haren antolaketa zorrotza, biktimen nahiz tokiaren aukeraketa aldetik.
Dokumental honen helburua, biktima haiek gure memorian esnaraztea da, Mariano Sanchez Soler idazleak adierazi bezala, bi aldiz hil baitzituzten: lehena armen bidez, eta bigarrena ahanzturaren bitartez.