Itxi

telebista

Estreinaldia

'El Gran Salto' ekintzaileentzako dokureality lehiaketa, gaur, ETB2n

Adela Ucarrek aurkeztuko du saioa eta Euskal Telebistak, K2000 ekoiztetxeak, Eusko Jaurlaritzak eta Laboral Kutxak bultzatu dute. Gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n.

1:33

Euskal Telebistak ekintzaileei zuzendutako 'El Gran Salto' dokureality lehiaketa estreinatuko du gaur -larunbata-, 22:15ean, ETB2n. Formatu berritzailea da 'El Gran Salto', eta Adela Ucarrek aurkeztuko du. ETBk, K2000k, Eusko Jaurlaritzak eta Laboral Kutxak sustatu dute zerbitzu publikoko saio hau.

'El Gran Salto'ren protagonista euskal ekintzaile talde bat izango da, eta eskuartean duten enpresa bideragarri bihurtzea izango dute helburu.

Dokureality lehiaketa formatuko saioak edozein ideia ogibide bilaka daitekeela erakutsi nahi du, bost proiektu pertsonalen bidez. Funtsean, ekintzaile berri hauen esperientziak islatzea da helburu nagusia; lanpostuak sortzeko dirua lortu nahi duten enpresari berri hauen esperientziak islatzea, hain zuzen ere. Horrez gain, 12.000 euro izango dira jokoan, Laboral Kutxa saria eskuratzeko ere lehian arituko baitira parte-hartzaileak. Epaimahai batek aukeratuko du irabazlea, eta sariak proiektua bultzatzeko balioko du.

Hiru aditu

Hiru adituk aholkuak emango dizkiete parte-hartzaileei euren proiektuak hobetzeko, bederatzi astetan zehar, profil desberdinekoak hirurak: Iban Unzuetak enpresa alorra landuko du, Ziortza Olano emozioak kudeatzeaz arduratuko da, eta Jose Manuel Torresek ekintzailetza bultzatzea izango du helburu, komunikazioa, lidergoa eta bat-batekotasuna landuz. Horrez gainera, astero aditu berezi bat izango da: enpresa edo ekintzailetzarekin zerikusia duen pertsonaia famatu bat.

Bederatzi astetan zehar, aditu edo coacher horiek eta aurkezlea bete-betean sartuko dira lehiakideen proiektuetan. Protagonisten eta haien alboan daudenen kontakizunak jasoko dituzte. Euren asmoak aurrera ateratzeko zein borroka izan duten erakutsiko dute saioan, euren lorpenekin izango duten poza partekatuko dute, eta porrotak ere gertu sentituko ditugu.

Bestetik, atal bakoitzean proba bereziak gainditu beharko dituzte lehiakideek. Proiektuen bideragarritasuna erakutsi beharko dute, eta ekintzaile izaera dutela ere agerian utzi.

Bost proiektu lehian

Programan parte hartuko duten lehiakide eta proiektuak erabakitzeko aukeraketa egin da. Bost proiektu dira aukeratutakoak, guztiz ezberdinak. Maria Fernandezek Buscolook aurkeztuko du; telefono mugikorrentzako aplikazio bat da bere produktu izarra, eta dendari eta bezero potentzialen arteko harremana erraztea da bere funtsa. Alberto Gonzalez de Zaratek, berriz, Vending Modular izeneko proiektua dakar, makina automatikoak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu. Jairo Costaren Jairom Black proiektuak edozein ikuskizunetarako zuzeneko musika eskaintzen du. Maite Ibañez de Maezturen Maikalak gozoak egiteko enpresa du, eta, azkenik, Alberto Cuadradoren Dikoin ingeniaritzak ekipo didaktiko teknikoak sortu eta saltzen ditu, baita laborategietarako eta ikerkuntza taldeentzako ekipamenduak ere.

Aholkulariek zorrotz aztertuko dituzte proiektuaren bideragarritasuna eta egoera, eta proiektu horrek dituen indarguneak eta alderdirik ahulenak azpimarratuko dituzte. Azterketa hauen arabera, astero, hobetzeko ekintza bat proposatuko zaie lehiakideei. Erronka hauek egiteko, ekintzailetzarekin zerikusia duten arlo ezberdinetako lagunekin jarriko dira harremanetan; enpresariekin, enpresa munduko adituekin eta ekintzaile izaera erakutsi duen jende ezagunarekin, besteak beste.

Asteroko lana, saioaren amaieran, puntuaketa bidez neurtuko dute aholkulariek. Eurek egingo dute ekintzaileen rankinga parte hartzen duten taldeen artean. Bederatzi saio izango dira guztira, eta azken atala final handia izango da. Bi proiektu izango dira bertan lehian, eta horietatik bakarra izango da irabazlea.

Aholkulariez gainera, epaimahai berezi batek erabakiko du irabazlea. Bertan, enpresa munduarekin zerikusia duten gizarte taldeetako ordezkariak, prestakuntza arloko adituak, kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkarteetako kideak eta ikus-entzuleak egongo dira.

Proiektuak enpresa bideragarri izateko duen aukeraz gainera, beste alderdi batzuk ere neurtuko dituzte: hautagaien bilakaera, eragin soziala, originaltasuna eta abar. Sari garrantzitsuena, funtsean, prestakuntza eta lehiakideek saioan parte hartzean lortuko dituzten harremanak izango dira.

'El Gran Salto' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n.