Itxi

telebista

Zientzia eta teknologia

Irudiari buruzkoa izango da 'Teknopolis' aste honetan

A.E

EiTB

Espazioari behatzeko, zein zelula eta atomoak ikertzeko irudia beharrezkoa da. Ez hori bakarrik, ezinbesteko tresna da gaur egungo ospitaleetan diagnostiko zein tratamenduetarako.

Aste honetako 'Teknopolis' saioa irudiari eskainiko diote. Irudia ikerketa asko eta askoren oinarrian dago gaur egun. Espazioari behatzeko, zein zelula eta atomoak ikertzeko irudia beharrezkoa da. Ez hori bakarrik, irudi medikoa ezinbesteko tresna da gaur egungo ospitaleetan diagnostiko zein tratamenduetarako. Espazioko, gorputzeko zein atomoen irudiak lortzea, ordea, ez da argazki bat ateratzea bezain erraza. Irudi horiek nola lortzen diren argituko du aste honetan 'Teknopolis'ek.

Irudi medikoa diagnostiko eta tratamendurako nola erabiltzen den erakutsiko dute lehen erreportajean. Donostia Ospitaleko erradiodiagnostiko zerbitzuari bisita egingo diote, eta Edurne Pardo medikuak gidatuko du bisita. Larrialdietan ekografiak eta eskanerrek nola funtzionatzen duten eta gaur egun zertarako erabiltzen diren ezagutuko dute.

Txikieneri begiratzeko tresnei erreparatuko diote, halaber, aste honetako saioan. UPV/EHUn biomedikuntzara zuzendutako mikroskopia-zerbitzua hilean ia 200 ikertzailek erabiltzen du. Unibertsitateko ikertzaileek eta irakasleek hara eramaten dituzte lagin biologikoak gaitasun handiko mikroskopioetan behatzeko. Zerbitzuko arduradunetako batek, Ricardo Andradek, bisita gidatu bat egin die mikroskopio-mota ezberdinen funtzionamendua eta abantailak azalduz.

Azkenik, unibertsoren koloreak ere ikusi ahal izango ditugu. Planetak, galaxiak, nebulosak... kolore biziko irudi ikusgarriak eskaintzen dizkigu unibertsoak, ametsetakoak. Astrofisikariek, berriz, zuri beltzean egiten dute lan. Nola sortzen dituzte koloretako irudi eder horiek? UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko Itziar Garate Lopez ikertzaileak gidatu du zuri beltzetik koloretarako bidaia espazioan barrena. Horretarako UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza fakultateari bisita egingo diote eta hango bi teleskopioak ere ezagutuko dituzte.

'Teknopolis' larunbatean, 13:30ean dago ikusgai, ETB1en; eta igandean, 09:30ean, ETB2n.

ETB2n.